miércoles, 11 de abril de 2012
Dorleta pilota txapelketaren final laurdenak jokatuko dira domekan, hainbat mailatan
2012-04-11 10:33:29 Jokin Bereziartua
Apirilaren 15ean Dorletako Ama pilota txapelketako hainbat partidu jokatuko dira Gatzagako pilotalekuan, 09:00etan hasi eta 14:30ak arte. Final laurdenetako norgehiagokak izango dira, hainbat mailatan. Mauri Zubillaga txapelketaren antolatzaileak aditzera eman duenez, alebin mailatik beteranoetara arte hainbat partidu jokatuko dira. Partidu bakoitzaren aurrerapena egin digu, haren ustez faboritoak zeintzuk diren zehaztuz.
Lehen partiduetan (09:00) beteranoetako bigarren mailako bikoteak lehiatuko dira. Hasteko, Eskoriatzako Villar eta Gorosarrik Oñatiko Zumalde eta Irustaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Zubillagaren arabera, oñatiarrak dira faborito. Gero, Aretxabaletako Eraña anaiek herri bereko Gatsilondo eta Bartolome izango dituzte aurrean.
10:15ean infantil mailako partiduak jokatuko dira. Arrasate B Gasteizko Zaramagaren aurka lehiatuko da; honela aurreratu du partidua antolatzaileak: "Markel Moron pelotari arrasatearra oso indartsua da eta maila horretan ez du parekorik, txapelketa irabaziko duela espero dut".
10:45ean alebin mailakoak lehiatuko dira. Arrasate A eta Amurrio B eta Amurrio A eta Aramaioko taldea izango dira nor baino nor gehiago. Maila horretan Ander Murua pilotaria nabarmendu du Zubillagak: "Maila txiki geratzen zaio, infantiletan ere irabazteko gai da-eta. Pilotari azkarra eta trebea da".
12:00ak aldera txikienek jokatuko dute, pre-benjamin mailakoek: Arrasate A-Bergara, Arrasate B-Aretxabaleta eta Aramaio B-Lakua; horiek izango dira partiduak: "Partidu horietan harmailak anaia, aita eta aiton-amonez betetzen da eta giro aparta egon ohi da", dio antolatzaileak. Maila horretan Etxaniz bergararra nabarmendu du: "Jokin Etxaniz pilotari handiaren semea da eta maila txiki geratzen zaio".
12:30ean beteranoetako lehen mailako partiduak jokatuko dira: Mallabiako Lisuria anaiek Legutioko Kintana eta Blanco izango dituzte aurrean eta 13:30ean Aranburu eta Romarate Heriz eta Kontraren aurka lehiatuko dira. Maila horretan Luis Korta 50 urteko beteranoa nabarmendu du Zubillagak: "Iaz beteranoetako bigarren mailako txapela irabazi ostean, 2012an lehen mailako hiru partiduak irabazi ditu duela lau urte federatuta zeuden pilotarien aurka. Kantxan egoten jakiteko ahalmena du, baita aurkaria aztertzeko gaitasuna ere. Partidu bakoitzerako pilota aproposa aukeratzen daki eta beterano oso azkarra da, eta hori oso pilotari gutxik duten bertutea da".
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario