miércoles, 16 de mayo de 2012

GOIESKOLA

Hamar urteko ibilbide oparoa


DEBAGOIENEKO EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN ELKARTEAK, GOIESKOLAK, HAMARKADA BETE DU



Aldizkaria kaleratzeaz gain, ostiralean 'Joku eta Jolas tradizionalen X. Topaketak' egingo dituzte Antzuolan

ANABEL DOMINGUEZ - Miércoles, 16 de Mayo de 2012 - Actualizado a las 05:27h
 
"Eskola publikoak duen bizitzeko gogoa aldarriketzeko eta, aldi berean, administrazioaren eskutik doan eskola Debagoienari egokitu eta nortasun propioa emateko" helburuekin hasi zen bere ibilbidea Goieskola orain dela hamar urte. Hasieran finkatutako asmoak bete-tzen doaz. Gaur egun, eskualdeko 14 ikastetxe (eskola txikia, Haur eta Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Helduen eskola) murgilduta daude proiektu honetan. Guztira 620 langilek, 5.891 ikaslek eta 5.267 gurasok parte hartzen dute Debagoieneko Euskal Eskola Publikoaren elkartean.



Urteurrenaren harira, atzo Arrasateko Kulturaten bildu ziren, besteak beste, orain arte egindakoari errepasoa emateko. Testuinguru honetan, Goieskolako lehendakari den Kepa Altubek hastapen garaiak ekarri zituen gogora, eta "administrazioak erakunde eraginkorra izateko jartzen dituen oztopoak eta mugak gainditzeko" aipatu zituen sorreraren arrazoietako batzuk. Honetaz gain, D ereduaren (euskara) alde lan egitea beste gakoetako bat izan dela nabarmendu zuen.



Urte hauetan zehar aurrera eraman dituzten egitasmo batzuk ere gogoratu zituen Altubek, horien artean: 2007-2008ko ikasturtean prestatu zuten atzerritarren integrazioa eta Hizkuntza Bateratuen trataera esperientzien jardunaldia; webgunea; irudi korporatibo berriaren aurkezpena; hezkuntzaren aldeko manifestua, eta ikastetxeen arteko komunikazioa eta koordinazioa.



Bestalde, etorkizunari begiratuz datozen urteetako erronkak aipatu zituzten Debagoieneko Euskal Eskola Publikoaren elkarteko -Goieskolako- kideek, esaterako: familien parte-hartzea handitu; ikastetxeetako antolakuntza egokitu; epe luzerako plana zehaztu edo formazio bateratuaren diseinua egin.



5.500 ALE Bertsolariek eta dantzariek girotuta, atzoko ekitaldian elkarteko sortzaileei eskainitako omenaldiarekin batera, Goieskola 10 urte izenburuko aldizkaria aurkeztu zuten. Ekimen honekin "eskolan egiten duten lana erakutsi eta konpartitu" nahi dute, eta, horretarako, 5.500 ale banatuko dituzte familia eta langileen artean.



Gainera, hamar urte oparo hauek ospatzeko, ostiralean Joku eta Jolas tradizionalen X. Topaketak izango dira protagonistak Antzuolan. Goieskolako ikastetxeetako ikasleek ekintza ugarirekin gozatzeko aukera izango dute. Soka-tira, txingak, boloak eta diaboloak bezalako jokuak antolatuko dituzte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario