jueves, 27 de diciembre de 2012

TOBERA

Egoitz 'Pikategi'-k Oñati defendatuko du bihar egingo den toberan


2012-12-27 09:32:23 Maider Arregi

Zinegotzi bereziak eta alkate berezia toberan, Oñati defendatuko duen abokatuarekin batera
Aho batez onartu zuten alkate eta zinegotzi bereziek Oñatik bere nortasuna eta ohorea defendatu behar duela hilaren 28ko toberan. Bertan, Debagoieneko herriek Oñati epaituko dute inkomunikazio interesatua egotzita. Hala, Oñatiko herria Egoitz Aizpuru Pikategi-k defendatuko duela erabaki zen.



Zinegotzi berezien artean, herri mugimenduko eragileak ikusi genituen, guztiak bat eginda: Ganbara, Bertso Eskola, Odol-emaileak, Andraitz, Gazte Asanblada, Herrira, Trikitizaleak, Eskola publikoa, Musika Eskola, Txantxiku Ikastola, Elkar Hezi, Aloña Mendi, Oñatz, Pake Leku, Misio taldea eta Txanda.



Bozketa egin ostean, ezohiko alkateak, Jabi Agirrek, herritar guztiak gonbidatu zituen abenduaren 28an Zubikoako pilotalekuan 19:30ean hasita, egingo den epaiketara joateko. "Gauden lekuan gaude eta ez dugu arazorik bailarako beste herriekin harremanetan jartzeko, baina gure nortasunari eutsita", nabarmendu zuen alkateak.



Akusazioa herriz herri



Inkomunikazio interesatua oinarri hartuta, garraio publikoaren aitzakia, Kontzejupetik herri aldizkaria mantendu izana edota herriko jai propioak izatea ere aintzat ditu akusazioak.



Arrasatek dio Oñati erdi Mondragoen ari dela lanean. Bergarak, oñatiarrek oñatiarrak hartzen dituztela bikotekide gisa umeak ere oñatiarrak izateko. Aramaiok dio 1855ean Gipuzkoan sartzea erabaki zuela Oñatik, eta euskarari kalte egin diola. Leintz Gatzagak, Arabako merkataritza-guneetara joaten direla eta Gatzagan ez direla ezertarako geratzen. Aretxabaletarrek lurraldetasun kontuak dituzte oinarri: Urbia eta Degurixa ez direla Oñati. Eskoriatzak dio oñatiarrek gauza asko ez dituztela onartzen. Adibidez, munduari asko eman dioten bakarrak ez direla. Elgetarrek, Oñati baino inkomunikatuagoak daudela eta inkomunikazio hori, oñatiarrek moduan, aitzakia gisa ez dutela erabiltzen. Antzuolak, ordea, Oñati baino herri euskaldunagoa dela.



Debagoieneko akusazioak prest, Oñatik esku artean defentsarako argudio bikainak dituela aurreratu digu Pikategi oñatiarrak.



-----------------



Aho batez onartu dute abokatua



Egoitz Aizpuru Pikategi-k defendatuko du Oñati. Ez du, gainera, nolanahiko lana izango. "Badakit gogorra izango dela, Debagoieneko herri guztiak Oñatiren aurka arituko dira-eta. Ez dago herri bakar bat ere gure alde egin duenik", azaldu digu Pikategi abokatuak. Oñatiko pregoilariak epaiketa aurrez iragarrita, bere burua eskaini du Pikategi-k abokatu gisa. "Ez naiz abokatu normala; esan gura dutinoiz ez dudala benetako epaitegi batean abokatu lanak egiteko aukerarik izan; baina esperientzia badaukat, ordea, ordu txikitan tabernetako barra aurrean auzi ezberdinak epaitu ohi ditut-eta. Eta gainera, akusazio benetan gogorrak defendatzen ere ibilia naiz, eskarmentua badut bai horretan", azaldu digu Egoitz Pikategi-k, Oñatiko ezohiko abokatuak

No hay comentarios:

Publicar un comentario