jueves, 20 de febrero de 2014

Bost dominarekin etorri da Josune Odriozola Valentziatik

 Oihana Elorza 2014-02-20 12:54   Kirola  Oñati
"Oso pozik etorri nintzen Valentziatik, bai. Sekulako asteburua egin genuen eta emaitza oso onak lortu. Martxoaren bukaeran Madrilen jokatuko da Espainiako beste txapelketa bat eta hara joateko entrenatzen jarraituko dut", dio Josune Odriozola igerilari oñatiarrak, pozik. 
 
 
Josune Odriozola igerian (Argazkia Josu Arenazarena da)eyenda


Bost domina lortu zituen Josune Odriozolak Espainiako txapelketaren barruan jokatu ziren azken probetan, urrezko bi eta zilarrezko hiru. Otsaileko bigarren asteburuan jokatu zituen, Valentzian. "Euskal Herritik zazpi lagun joan ginen. Batzuk esperientzia handiago genuen txapelketetan besteak baino, baina oso ondo aritu ginen denok. Taldeko lanean ere bai", dio igerilariak.
Guztira bost proba egin zituen Valentzian jokatutako txapelketa horretan: 400 eta 100 metro librean, 100 metro tximeletan, 200 metro estiloan eta 4x50 metroko errelebo proba bat. Urrezko dominak 400 metro librean eta 200 metro estiloan irabazi zituen, eta beste hiru probetan, zilarrezkoa. Erreleboko proban, Konporta taldearekin lehiatu zen.

Artza eta Almerich

Martxoaren 29an eta 30ean Madrilen jokatu den Espainiako txapelketako beste proba batzuetan du orain burua Odriozolak. "Beste bost proba ezberdin aukeratu ditut Madrilerako eta horiek prestatzen nabil orain", dio igerilariak.
Zubikoako igerilekuan egiten ditu entrenamenduak Odriozolak, Artzaren eskutik. Goizeko 06:00etarako joaten da aste barruko bost egunetan, eta ordu t'erdiz entrenatzen du. 40 bat gaztetxok entrenatzen dute ordu horretan kiroldegiko igerileku handian. Artzaz gain, baina, badu beste entrenatzaile bat Odriozolak. Jabi Almerich da eta kanpoko probetan haren aginduetara egoten da. "Oinarrizko entrenamendua eta prestaketa, baina, Oñatin egiten dut", dio. Itsasoko zeharkaldiak ere egiten ditu, "baina ez du zerikusirik, askoz lasaiagoak dira proba horiek".
Batxilergo mailako ikasketa egiten dihardu 18 urte dituen gazte oñatiarrak. Azterketak ditu orain eta eguna motz gelditzen zaio. "Ingelesera ere joaten naiz, baina ez dut beste ezertarako astirik", zehaztu du.

Paralinpiar Jokoak

Bi urte barru, 2016an, jokatuko dira Paralinpiar Jokoak Brasilen, eta hara joatea gustatuko litzaioke. "Ederra izango zen, bai. Oraindik, baina, urruti ikusten dut hori. Auskalo".

No hay comentarios:

Publicar un comentario