martes, 8 de julio de 2014

Alaitz Lazkanoiturburu oñatiarra, Espainiako aurre-selekziora deitu dute

 OK MAGAZINEA

Sorian egingo dute kontzentrazioa aste honetan zehar

Aloña Mendi eskubaloi saileko Alaitz Lazkanoiturburu jokalaria, protagonista da egunotan. Denboraldia aspaldi bukatu zuen arren, atzo goizean bertan maleta egin eta Soriara abiatu zen, Espainiako aurre-selekzioak deitutako kontzentrazio batetara. Ostiralerarte lan saio eta proba ezberdinak egingo dituzte eta kontzentraziora joan aurretik, Oñati Irratitik pasatu zen deialdiaren balorazioak egiteko.

Maiatzean amaitu zuen denboraldia Aloña Mendiko infantil mailako taldeak. Taldeka zein arlo indibidualean, denboraldi oso txukuna burutu du Lazkanoiturburuk. Besteak beste, urtean zehar Gipuzkoa eta Euskadiko selekzioekin aritu da eta azken asteetan baloiarekin kontaktu gutxi izan badu ere, alderdi fisikoa lantzen jarraitu duela onartu zuen atzoko elkarrizketan.

Duela aste batzuk jakin zuen Espainiako hautatzaileak bere lehen zerrendan sartu zuela eta orduz geroztik, kontzentrazio noiz iritsiko zain egon da. Atzoko arratsaldetik Sorian dago eta esperientziaz gozatu eta batez ere, ikasteko helburuarekin joan dela aitortu zuen.

Lazkanoiturburuk 14 urte ditu eta Gipuzkoa eta Euskadi mailako selekzioetan aritutakoa bada ere, aurreneko aldia da estatu mailako kontzentrazio batetara deitzen dutena. "Egia esan, ilusio handia egiten du estatuko jokalari onenekin egon ahal izateak. Oso zaila izango da azken zerrendan sartzea baina, esperientzia moduan ikasteko oso baliogarria izango da".

16 onenak Finlandiara

Aste osoan zehar, hainbat proba eta saio tekniko-taktiko egiteaz gain, elkarbizitzarako ere probestuko dute kontzentrazioa. "Lehen zerrenda honetan 40 jokalari izango gara eta astea amaitzen denerako, 16 jokalariz osatutako zerrenda bat egingo dute". Azken zerrenda horretan egongo direnek gainera, sari potoloa izango dute. Izan ere, hile amaieran Finlandiara joango dira Espainiako selekzioaz lagunarteko batzuk jokatzera.

Hemen daukazue Alaitz Lazkanoiturbururekin egindako elkarrizketa osoa entzungai:
Alaitz Lazkanoiturburu Zubikoan, Soriara joan aurretik

No hay comentarios:

Publicar un comentario