martes, 8 de julio de 2014

Lau dominarekin itzuli da Nerea Diaz Euskadiko txapelketetatik

 OK MAGAZINEA

Domina guztiak zilarrezkoak izan dira

Pasaden astean aurreratu genuen bezala, asteburuan Euskadiko igeriketa txapelketak jokatu dira. Junior eta absoluto mailakoak Gasteizen eta infantil mailakoak berriz, Santurtzin. Aloña Mendik bi lekuetan izan ditu ordezkariak eta Xabier Infanteren esanetan "orokorrean lan txukuna egin dute igerilari gehienek". Hala ere, lortu zituen marka eta sariengatik, Nerea Diaz izan da protagonista nagusia. Diazek zilarrezko lau domina irabazi zituen Santurtzin jokaturiko txapelketan.

Denboraldi bikaina burutzen ari da Diaz. Urte osoan zehar oso maila bikaina erakutsi du eta horrela jarraituz gero, etorkizun handia duen igerilaria dela argi gelditu da. Negu partean, Espainiako txapelketarako minimak lortu zituen hainbat probetan. Hala ere, bidaia eta ikasketak tarteko, uko egin zion txapelketa horretan parte hartzeari.

Martxoan, Euskal Herriko txapeldun izan zen 200 bizkarrean. Emaitza hauei esker, maiatzean Frantziako Tarbeseko nazioarteko txapelketan egoteko aukera eskaini zioten eta hemen ere, ondo baino hobeto baliatu zuen Gipuzkoako hautatzaileak emandako aukera. Beste bi domina irabazi baitzituen. Uztaileko lehen asteburuan berriz, Tolosan jokatu ziren Gipuzkoako txapelketetan ere, sasoiko dagoela erakutsi zuen hiru domina eskuratuz.

Eta irabazle nekaezina dela erakutsiz, pasa berri den asteburu honetan zilarrezko lau domina irabazita itzuli da Santurtzin jokatu ziren Euskadiko txapelketetatik. 200 m. bizkar (2.26.80), 100 m. bizkar (1.07.23), 100 m. libre (1.03.39) eta 50 m. libre (28.90) probetan, bigarren igerilaririk onena izan zen infantil mailan.

Espainiako txapelketak

Euskadiko txapelketetan emaitza bikainak lortu ostean, Nerea Diazek denbora gutxi izango du atsedenerako. Izan ere, uztailaren 24tik 27ra Bartzelonan jokatuko diren Espainiako txapelketan izango da oñatiarra.

Aste honetan esaterako, kontzentrazio txiki bat egingo du Donostian. Fortunako 50 metroko igerilekuan entrenatzen emango ditu egun batzuk. Helburua, "igerileku luzera ohitzea" izango dela esan digu Diazek. Bartzelonan distantzia horretako igerilekuan lehiatuko dira.
Nerea Diaz Santurtzin irabazitako dominekin

No hay comentarios:

Publicar un comentario