viernes, 29 de agosto de 2014

Artzain omenduak

Urtero bezala Legazpin ospatzen da Gipuzkoako artzain eguna.


IRAILAK 7. IGANDEA

 

 

 10:00                    Postuak ireki egingo dira.
 10:00-10:45    Gaztak jasotzeko tartearen hasiera.
 11:00                    Gipuzkoako Artzai Gaztaren 30. Lehiaketa
 11:00                    Gazta dastaketa popularra (1go gazta bukatzen den arte)
 11:15                    Gaztagintzaren lehena eta oraina
 11:30                    Sagardo dastaketaren irekiera
 12:00                    Gaztetxoen Gazta Lehiaketa
 12:00                    Ardi Okela Gertatzearen Gipuzkoako 24. Lehiaketa
 12:15                    Ardiak mozte erakusketa.
 12:45                    Ardi okela banaketa
 13:00                    Omenaldiak:
                               •    Gipuzkoako 2 artzainei
                               •    Ameriketan artzaintzan aritutako artzain euskaldunei
                               •    Tibur Agirre-ri
Ondoren sari banaketa.

GOIZEAN ZEHAR

-    Euskal Herriko Ardi Latxa arrazako ardi eta ahari erakusketa
-    Artzai Gazta Elkarteko kideen gazta salmenta
-    Gazta salmenta
-    Sagardo dastatzea
-    Gazte eta helduen Rally Fotografikoa. IKATZA taldea
 14:30                     HERRI BAZKARIA
Tokia: Aitxuri jatetxea (txartelak salgai egongo dira goizean zehar).

 17:30                    Gipuzkoako 46. Artzain Txakurren Txapelketa
              Tokia: Urtatzako Zelaia “pantano bidean”

Maria Angeles Barrena Ugarte

1935. urtean jaioa. Gesaltza baserria. Oñati
Senarraren etxera ezkondu bazen ere, Arantzazukoa da ere Maria Angeles, Arrikurutz baserrikoa hain zuzen ere. Artzaintzan gaztetik ikasitakoa dela kontatzen digu Maria Angelesek, bere etxean ere ardiak bazituzten eta umetatik hasi zen etxean laguntzen. Soroan lanean ibili ondoren, oraindik 12 urte zituela, marmita hartu goiko larretara igotzen zen (Belargo txabolen azpira) ardiak jaistera.
19 urte bete zituenean neskame joan zen eta lehenengo zortzi urteak medikuaren etxean pasa zituen. Ondoren Oñatiko beste etxe batzuetan ere ibili zen, baina denbora gutxiagoz. Emakume langilea zen Maria Angeles eta leku askotan lan egin zuen, baita Oñatiko Garai fabrikan ere. Bertan lanean zegoela, lagunen artean udaran Donostiara lanera joateko esaten zioten, diru asko irabazten omen zen eta.  Eta hantxe joan ziren lagun koadrila eta uda Donostian lanean pasa zuten, ez zutela diru asko irabazi dio Maria Angelesek, baina bai gauza ugari ikusi. Donostiatik bueltan Oñatiko Etxeberria jatetxean lanean aritu zen.
28 urte zituela senarrarekin ezkondu eta Gesaltza baserrira etorri zen. Baina 42 urte zituela alargun gelditu zen, lau ume txikirekin. Artalde handia zuten garai hartan eta lan handia zegoen ardiak jaisten, gazta egiten eta etxeko martxa eramaten; eta bakarrik zen Maria Angeles. Anaiak asko lagundu ziotela kontatzen digu baina seme-alabek ere azkar ikasi zuten lanean.
100 arditik gora izan zituzten, denak mutur beltzak. Baina, hemen ere, inguruko baserrietan bezala, ez ziren artzaintzara soilik dedikatzen. Haragi behiak ere bazituzten eta hauek dedikazio asko eskatzen zuten beti etxean zituzten eta. Ardiak, uda partean Aloñara igotzen zituzten eta oraindik ere naiz eta 
artalde txikia mantentzen duen, hango eskubidea ordaintzen jarraitzen dute.
Betidanik egin dute gazta baserrian, ez zuten esnerik saltzen. Berak egin zuen ere Gomiztegin artaldea jarri zuten lehen urtetan, bertako esnearekin gazta. Arantzazura joaten zen igandetan saltzera eta ondoren larunbatean Oñatiko azokan ere saltzen hasi zen. Beti oso ondo saldu duela gazta kontatzen digu Maria Angelesek, bai Arantzazun eta bai Oñatin asko saldu dutela. Arantzazuko eliza aurrean, ezarri zen lege batez, auzokoek bakarrik zuten bertan postua jartzeko aukera. Garai batean auzotar asko egoten omen zen bertan saltzen.
Seme-alabek kanpoan lan egiten dute baina zaharrenak afizio handia duela kontatzen digu, gaztetan Gomiztegin gustora lan egingo zuela esaten zuen. Gaur egun behorrak baditu eta egunen batean baserriko martxa jarraituko duela pentsatzen du Maria Angelesek, baina kanpoan lan eginda zaila dela.

Nikolas Segurola Etxaniz

1939. urtean jaioa. Largarate baserria. Matxinbenta

1939an jaio zen Nikolas, Largarate baserrian, bost herrik bertatik jaten duten auzoan, Matxinbentan. Baserri haundia zen berea, bost baserriren lurrak zituena. Artaldea handia bazuen ere, labrantza zuten jarduera nagusia: garia, artoa, patata, arbia... eta beti egoten ziren eguraldiaren esperoan. Nikolasek kontatzen digunez, etxeko printzesak behiak ziren eta ardiak neskameak. Bera ardi zain ibiltzen zen umetan eta mendira igotzen zen ardiak batu eta kontatzera. Ondoren aitak egutera edo lainotera botatzeko esaten zion. Irailaren 13 batean, 12 urte zituela, Arantzazura ikastera joan behar zen bezperan, beti bezala ardiak kontatu eta nola hego haizea zegoen, aitak lainotera botatzeko esan zion. Denak bota zituenean han ikusi zituen denak, korrika eta saltoka larre bila eta negar batean hasi zen. Izugarrizko pena ematen zion ardiak uztea eta Arantzazura joatea.
Arantzazun ikasketak hasi bazituen ere, gaixotu egin zen eta 3 bat urtez etxera bueltatu zen sendatzeko.Behin sendatu zenean berriz itzuli zen, orduan betirako.Sartu zenean, Zarautzera joan behar ziren sukaldaria eta Gomiztegin baratzean ibiltzen ziren fraideak eta berari bietako bat ordezkatu behar zuela esan zioten. Sukaldariak bere ordez sartzea nahi zuen arren, Guardianak Nikolas baserrira joango zela esan zuen. Eta halaxe izan zen.
Gomiztegi baserria 1950 urtean erosi zen eta 1953an fraideak sartu ziren. Nikolas 60an iritsi zen eta geroztik bertan egon da, Zarautzen nobiziagoa egiten pasa zituen urte batzuk izan ezik. Gomiztegi baserria komenturako eta eskolako beharrak asetzeko zen, 300 fraide inguru zeuden eta garai hartan. Esne behiak eta oiloak zituzten, 6000 oilo edukitzera iritsi ziren. 40 txerrama ere bazituzten eta hauen umeak etxean gizendu ondoren saltzen zituzten.
1978 urtetik aurrera hasi zen Arantzazuko gain bera. Ematen ziren ikasketak ez ziren baliokoak, ez zeuden homologatuak eta ikasle askok etxera alde egin zuten edo Gernikan zuten beste komentu batera. Teologia ikasten ari zirenak ere unibertsitatera joan ziren. Ikasleak alde egitean, irakasleak ere soberan zeuden. Eskaria hainbeste jaitsi zenez, baserria saltzea pentsatu zuten. Langile aldetik ere asko nabaritu zen, nahiz eta 8 fraide egoten ziren lanean, ikasleak lanera etortzen ziren askariaren truke. Eskulan asko eta gaztea zuten.
Egoera berri honekin, erabakiak hartu behar zituzten eta horretan laguntzeko Lurgintzako teknikari bati deitu zioten. 16 bat hektarea zituen baserriak, zelai malkartsuak eta harkaitz ugarirekin, makina sartzea ezinezkoa ziren lekuak. Teknikariak gomendatuta, beste behi klase bat jartzea pentsatu zuten larrean ibiliko zena, ordura artekoak etxean zituzten eta. Ia erabakita zutela Errioxara joan ziren pentsu etxe batera tratua egitera eta bidean Guardianak, behiak jarri ordez ardiak jartzea zer iruditzen zitzaion galdetu zion. Nikolasek begiak zabal-zabal, emozionatuta, hamaika arrazoi eman zizkion ardiak jartzeko. A ze poza hartu zuen berak behiak kendu eta ardiak ekarri zituztenean. 
Lehen momentutik 400 ardiko artaldea osatu zuten, garai hartan ohitura zen bezala batzuk Goizueta eta Leitza inguruetatik ekarri zituzten. Hasiera batean denetik zuten: mutur gorriak, mutur beltzak, karrantzanak eta nahastuak. Baina Arkauten, Ardiekinen, nahasketak alde batera uzteko eta bat aukeratzeko esan zieten. Mutur gorria aukeratu zuten orduan. 
Nikolasek, beraiek artzaintzan hasi zirenean, garai ona tokatu zitzaiela esaten du. Suertea izan zutela horretan, eraldatzen eta hobetzen ari baitzen. Fabriken etorrerarekin, artzai gazte eta askok artaldea saldu eta fabriketara joan ziren lanera. 
Ordurarte ardienak ziren zelaiak fabrikak hartu zituzten eta mendietako larreak, jadanik artalde gabe, pinuz betetzen hasi ziren. Ardiez maiteminduak zeudenak bakarrik jarraitu zutela kontatzen du Nikolasek. Baina 20 urte beranduago (beraiek artaldea jarri zuten garaian), fabriketako lana ez zen hasierakoa bezala, ez zegoen hainbeste alde. Euskal Gobernua ere garai haietan sortu zen eta artzaintzaren alde apustu handia egin zuen Nikolasen ustez. Ardia euskal kulturaren ikurra zela garbi zuten eta  erraztasunak eta laguntzak eman zituzten, arraza hobetzeko ere bai.
Hasieran batean ez zuten gaztandegirik eta Gesaltzako Maria Angelesek kontatu digun bezala, berak egiten zuen gazta. Aretxabaletako artzain bati ere eramaten zioten. 2-3 urte horrela ibili ondoren, hospederi azpian hasi ziren gazta egiten. 
Han ere ez zegoen garai bateko beharra eta lekua zuten. Baina bi jarduerak ezin zirela leku berdinean egin eta han egitea debekatu zieten. Orduan, 
Gomiztegin gaztandegia egokitu zuten.
Tarte honetan artzain eskola sortu zen. 1997 sortu zen eskola, 1995ean Uharte Arakileko artzain egunean, beste batzuen artean Eduardo Urarte eta Jose Manuel Goikoetxearekin izan zuen bazkari batean. Lehenengo urtean martxan jartzeko bost ikasle biltzea eskatu zioten eta horrela bada, 1997ko irailaren 10ean 9 ikaslerekin hasi ziren, artean bi txiletar. Bera eskolara dedikatu zen orduan eta 
ordu-arteko lana bere ilobak hartu zuen.
Lehenengo urtea bukatuta, bigarrenera ez zela inor geldituko uste zuten baina oso harrera ona izan zuen eta prentsan ere oihartzun handia eman zitzaion. Lehenengo urtean koordinadore lanetan ibili bazen ere, bigarren urtean tutore lanetan jarraitu zuen eta Batis Otaegik hartu zuen bere postua. Berak praktiketan, artzainengana joaten ziren ikasleak bisitatzen zituen, dena ondo zihoan konprobatzeko eta jarraitzen zuten metodologia egokia zen edo ez konprobatzeko.
Gaur egun Nikolasek Gomiztegin jarraitzen du baina dagoeneko ez du eskolan parte hartzen, orain dagoen taldeak bere erabakiak hartu behar dituztela pentsatzen du, beraiek ikusten duten moduan jokatzea. Berari ere horrela gustatzen zitzaion bere garaian eta. Nikolasen ustez oso talde ona da gaur egungoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario