miércoles, 11 de febrero de 2015

Gipuzkoako Challengeko saria

2015-02-11 11:18:21
ANTON SIERRA ETA GORKA ANDUAGA IZAN DIRA
Gipuzkoako Challengeko saria jaso dute Oñatiko bi zikloturistek
Gipuzkoako txirrindularitza federakuntzak, 2014ko zikloturismoko Challengeko sariak banatu zituen otsaileko lehen asteburuan. Pasa den urtean, zikloturismo probetan nabarmendu diren ziklisten konpromiso eta dedikazioa saritu zen ekitaldian. Errekonozimendua jaso zuten txirrindulari guztien artean, bi oñatiar zeuden; Anton Sierra eta Gorka Anduaga.

2014. urtean, Gipuzkoan ospatu ziren zikloturista martxa ezberdinek osatzen duten Challengearen sariak banatu zituen duela hamabost egun, Gipuzkoako txirrindularitza federakuntzak. Urteroko zita izan ohi da eta aurtengo ekitaldia, Añorgako Rezola zementu etxearen museoan egin zen. Bertan, zikloturismo munduko hainbat ordezkari bildu ziren.

Iazko Gipuzkoako Challengea, 10 bizikleta martxak osatu zuten. Martxoan hasi zen zirkuitua Deban, eta irailerarte luzatu zen. Urretxuko martxak, eman zion itxiera Gipuzkoako zikloturisten urteko egutegiari. Saria jaso zuten txirrindulariei urtean erakutsitako jarraikortasuna eta konstantzia saritu zitzaien. Parte hartze hutsa eta konpromisoa saritu zirela, alegia. Gogoratu beharra dago zikloturismoaren filosofia, lehiaketatik kanpo dagoela.

Bi Oñatiar sarituen artean

Gipuzkoako Challengeko errekonozimendua jaso ahal izateko, zirkuitua osatzen zuten 10 probetatik, gutxienez, 7 martxatan parte hartu beharra zegoen eta bi oñatiarrak zenbaki horietan mugitu zirenez, errekonozimendua jaso zuten. Anton Sierrak 9 proba egin zituen. Olanoren martxara soilik huts-egin zuen. Gorka Anduagak berriz, zirkuituko proba guztiak osatu zituen.

Sierra eta Anduagak ibilbide luzea daramate zikloturismoan. Lehenak gainera, kirol honi loturiko gainditze historio hunkigarria dauka [ikus bideoa]. Duela urte batzuk, istripu larri bat izan zuen zikloturismo proba bat lehiatzen ari zela eta errekuperazio luze eta gogor baten ostean, gehien maite duen kirolera bueltatzeko gai izan da. Anduaga berriz, dexente gazteagoa da. Txirrindularitza federatua eta Duatloia probatu ostean, azken urteetan zikloturismoan erabat murgilduta dago. Gipuzkoan ez ezik, Euskal lurraldeetatik kanpo ere aritu izan da hainbat probetan parte hartzen.

Aurtengo zirkuitua

Azken urteetako gizarteko krisi egoerak, ez dio batere onik egin zikloturismoari. Lehiakorra eta irabazirik gabeko kirol ekintza izanagaitik ere, behera egin baitu Gipuzkoako martxen egutegiak. Aurten esaterako, Bergara, Ordizia eta Billabonako zikloturismo probak ez dira egingo. 2015eko Gipuzkoako Challenge zirkuituak, guztira 9 martxa izango ditu.

Sierra eta Anduaga iazko Urretxuko proban

No hay comentarios:

Publicar un comentario