martes, 24 de febrero de 2015

Maider Igartua

goiena

"Haurrekin harremana izan dugu, eta hori da benetan aberasgarria"

Imanol Soriano 2015-02-24 09:57   HEZKUNTZA  OÑATI
Maider Igartua oñatiarra Haur Hezkuntzako goi mailako heziketa zikloa ikasten ari da Bergarako Mariaren Lagundia Ikastolan. Irailean, goi mailako zikloa bukatu ondoren, unibertsitatean jarraituko ditu ikasketak. Egun batzuk barru praktikak egiten hasiko da, Txantxiku Ikastolan, urtebeteko haurren gelan. Urduri, baina desiratzen dago.
Maider Igartua. 
Zerk bultzatu zintuen Lanbide Heziketa ikastera? Eta zergatik aukeratu zenuen Lanbide Heziketa?
Ziklo hau ikasten ari zen lagun batek bere esperientzia kontatu zidan eta erakarri egin ninduen lehenengo momentutik. Ez nuen inolako asmorik unibertsitatera joateko. Gehiegizko saltoa iruditzen zitzaidan.  
Zelan ezagutu zenuen Lanbide Heziketa?
Ikastetxeko orientatzaileak informatu ninduen Lanbide Heziketatik unibertsitatera joateko aukera zegoela, eta, gainera, hainbat pertsona ezagutzen nituen bide hori egindakoak.
Ingurukoen laguntza izan zenuen LH aukeratzeko orduan?
Bai; gustuko nuena aukeratzeko esan zidaten gurasoek. LHk Haur Hezkuntza zer den ezagutzeko balioko zidala esan zidaten. Eta gero, gustuko izanez gero, jarraitzeko aukera izango nuela. Eta holaxe izan da. 
Zer eman dizu Lanbide Heziketak? 
Lanerako beharrezko jakintzaz gain, bizitzarako behar diren gaitasunak ere lantzen dira: adin askotariko jendea dago gelan, guztion artean ikasten dugu, ikuspuntuak entzunda eta bakoitzak dakiena konpartituta. Talde-lanean lan asko egiten dira, eta hori guztiz aberasgarria da. Talde txikia gara eta irakasleekin batera norberaren jarraipen estua egiten dugu: aurrerapenak, zailtasunak…
Arlo profesionalari begira, Lanbide Heziketako ikasketen onurak zeintzuk dira, zure ustez?
Haurrekin harremana izan dugu, eta hori da benetan aberasgarria. Gelan ikasitakoa Mariaren Lagundian bertan praktikan jartzeko aukera dugu bertako haur geletan; lehenengo, ipuina edo antzerkia landu gelan, eta ondoren, haurrengana joan gara nahi izan dugunok, ikasteko zer den haur pilo baten aurrean egotea, zelan erakarri, sor daitezkeen egoerak….
Txantxiku Ikastolan hasiko zara praktikak egiten egun batzuk barru. Gogotsu zaude?
Bai, hasteko gogo handiz, baina urduri. Dagoeneko gela ikusi dut, hango irakaslearekin ere egon naiz. Seguru nago asko ikasiko dudala. Hiru hilabete hauek aukera emango didate lan arloa ezagutzeko, orain arte ikasitakoa praktikan jartzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario