domingo, 12 de abril de 2015

Ehunka lagunek salatu dute azkenaldian oñatiarrak pairatzen ari diren jazarpen poliziala


2015 Apirilak 12
oñati_guardia_zibila_manifa_2015_apirila_1Ehunka lagun bildu dira Oñatin Guardia Zibilari alde egin eta “bakean uztea” eskatzeko. Herriko kaleetan zehar igaro da martxa, Guardia Zibilaren kuartel aurrera iritsi den arte. Bost minutuz txistuka aritu dira bertan. Salatu dute azkenaldian “itogarria” dela “indar okupatzaileen” jazarpena: “Oldarraldiak, mehatxuak, zelatatzeak eta jarraipenak sufritzen ari gara”.
oñati_guardia_zibila_manifa_2015_apirila_2“Bakea, demokrazia eta normalizazio politikoarena izan behar duen garai honetan, Euskal Herrian indarrean dagoen biolentzia mota bakarra Guardia Zibila eta estatuarena da. Hori dela eta, berau salatu, eragotzi eta betiko amaitu dadin konpromisoak hartzea denon artean osatu behar dugun agenda demokratikoaren lerro-burua da”, azaldu dute.
oñati_guardia_zibila_manifa_2015_apirila_3Salaketarekin batera, azken kasua gogorarazi dute: apirilaren 3an, ostirala, Guardia Zibilak pagadi batean buelta bat ematen zegoen Oñatiko gazte bat geratu, kolpatu eta atxilotu zuen. Ospitalera eraman zuten zauriak artatzera, eta Intxaurrondoko (Donostia) kuartelean pasa zituen ordu batzuk. Orain epaiketaren zain dago, desobedientzia eta aginteari men ez egitea leporatu baitiote.

Honela kontatu dute gertakaria:
“Apirilaren 3an, joan den egubakoitzean, arratsaldeko seiak aldera, oñatiar gazte bat atxilotu zuen Guardia Zibilak Aloña azpiko pagadian. Gaztea basoan zebilen eta, bat batean, Guardia Zibilaren patrola ikusi zuen. Normala den moduan, ezkutatu egin zen. Ordubete ezkutuan egon ostean, ikusi egin zuten eta “Alto la Guardia Civil” esan zioten. Lurrera bota zuten gaztea eta aurpegia lokatzaren kontra jarrita eduki zuten. Ondoren, katxeatzen hasi ziren eta frakak jaisteko eskatu zioten. Guardia Zibil bat eskularruak janzten hasi zen. Gazteak esan zien ez zeukala frakak jaisteko asmorik eta, orduan, bortizkeriaz lurrera bota zuten. Esku burdinak jarri eta kolpeak emanez erdi arrastaka eraman zuten. Ondorioz, hanka bat zauritu du gazteak eta puntuak jarri behar izan dizkiote. Gaztea patrolean sartu zuten, esku burdinak kenduta, eta Donostiara eraman zuten. Lehendabizi ospitalera joan ziren eta zauria sendatu zioten, ondoren Intxaurrondora eraman zuten eta goizaldeko ordu biak aldera aske utzi zuten. Gaztea epaiketaren zain dago desobedientzia eta aginteari men ez egitea leporatuta”

No hay comentarios:

Publicar un comentario