viernes, 3 de julio de 2015

II. Patin Eguna.

ok magazinea

2015-07-03 13:25:29
BIHAR GOIZEAN OSPATUKO DA
Dena prest, II. Patin Egunerako
Iazko arrakastaren ondoren, Tatarraz patin elkarteak gertu dauka II. Patin eguna. Bihar bertan, 10:00etan hasita, adin guztietako patinatzaileen beharrak asetu nahian, goiz osorako ekintzak iragarri dituzte. Taldekako beroketa, zozketak, ibilaldia, erakustaldia...guzti horren azken ordua eman digu antolakuntza taldeko Roberto Hernandezek.

Bihar goizean ospatuko du Tatarraz elkarteak, Oñatiko II. Patin eguna. Iaz sortu zen ekimenak erantzun bikaina izan zuen, adin ezberdinetako 130 bat patinatzaile elkartu baitziren orduko hartan. Eta arrakasta hori ikusirik, zaletasun hau duten herritarren beharrak asetzeko, ekintzaz beteriko egitaraua antolatu dute bihar goizerako.

Goizeko 10:00 hasiko da eguna. Plazan bertan Leire Altubek gidatutako beroketa batek zabalduko du egitaraua eta hortik aurrera ume, gazte, zein helduentzako ekintzak egongo dira. 10:30 bi irteera egingo dira. Hasiberrientzat herritik Madalenarako joan etorria (5 km.) eta trebetasun gehiago dutenentzat (14km.), San Prudentziora artekoa. Guzti horietan parte hartzeko ez da baldintza berezirik eskatzen. Patinak eta kaskoa eramatea izango da eskaera bakarra.

Gaztetxoak plazan

Aurtengo berritasunetako bat, haurren hezkuntzako 5. mailatik aurrerakoentzat zuzenduriko patin jolasak izango dira. Nagusienak ibilbidera irtetzen diren bitartean, umeek plazan egokituriko jolas parke batean aritzeko aukera izango dute.

Ibilaldiak amaituta, Rollerdance (patin gaineko dantza koreografiatuak) erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek plazako frontoi zaharrean. Era berean, ibilaldian zehar galdutako energia errekuperatzeko, aurretik pintxoak banatuko dituzte plazan, 12:00etatik aurrera. Era berean, goiz guztian zehar bazkide egiteko aukera eskainiko dute plazan bertan.

Azkenik, kirol materialaren zozketa egingo dute patin egunean parte hartu duten guztien artean eta guztia borobiltzeko, Garagardo Ferian bazkalduko dutela iragarri dute (hau nahi dutenentzat). Roberto Hernandezek eman dizkigu biharko eguneko xehetasun guztiak.

Hemen daukazue elkarrizketa entzungai:


Iaz patinatzaile ugari bildu ziren. Argazkia: Tatarra

No hay comentarios:

Publicar un comentario