miércoles, 15 de julio de 2015

IOKIN GARAI.EUSKAL HERRIKO ULTRA TRAIL TXAPELDUNA DA

OK MAGAZINEA

2015-07-15 11:30:00
G2H IRABAZI OSTEAN, EUSKAL HERRIKO ULTRA TRAIL TXAPELDUNA DA
Iokin Garai: «Nire kirol bizitzako momenturik onenean nagoela esan dezaket»
Iokin Garai mendi lasterkaria bere kirol ibilbideko momenturik onenean dago. Asteburuan G2H mendi lasterketa irabazteaz gain, probako errekor berria ezarri zuen oñatiarrak. Hori gutxi balitz, duela hamabost egun Dolomitetan jokatu zen Lavaredoko Nazioarteko Ultra Trailean, 15. postua lortu zuen txantxikuarrak. Guzti horren gainean mintzatu zen atzo Kulum Sport taldeko lasterkaria.

Sekulako bilakaera izan du azken urteetan Iokin Garai korrikalariak. 2013ko ekainean bere lehen garaipena lortu zuenetik, etengabe haziz doan kirolaria da. Bere palmaresa ikusi besterik ez. Azken bi denboraldietan, ohiartzun handiko emaitzak lortu ditu distantzia luzeko (Ultra) lasterketeta ezberdinetan. Azken balentria, asteburuan lortu zuen txantxikuarrak. G2H mendi lasterketa ezagunean garaipena lortu zuen, probako errekor berria (10:13:50) ezarriaz. Garaipen honek, Euskal Herriko Ultratrail txapela eman dio Jokini.

Denboraldiko lehen zatia amaituta atseden astean harrapatu zuten atzo Garai, Oñati Irratiko lagunek. Larunbateko emozioa gainetik kendu ezinik zebilela onartu zuen: «Egia esan, zorion mezu asko jasotzen ari naiz eta oraindik hunkitu egiten naiz larunbatekoa gogora ekartzen dudanean». Lasterketa oso ona egin zuen eta Aizkorrirako igoera hasi zutenean konturatu zen garaipena lortzeko aukera asko izango zituela: «Oso sentsazio onak izan nituen eta inguruan nituenak ni baino okerxeago zindoazela ikusirik Aizkorrin gora erritmoa aldatu eta tartea zabaldu nuen» zioen.

Emozioa helmugan

Aizkorrin gora zabaldu zuen tartea kudeatuz osatu zituen oñatiarrak ibilbideko azken kilometroak. Eta Beasaineko helmugan sartu zeneko kontaketa ere egin zuen Garaik: «Lehen erreakzioa, barruan neraman amorru guztia askatzea izan zen. Eta ondoren zuzenean jo nuen emaztea eta etxeko txikiengana. Beraiengatik ez balitz, nekez ibiliko nintzateke nabilen moduan» zioen erabat hunkituta.

Bere kirol ibilbideko lorpen handiena izan ote den galdetuta ezetz esan zuen txantxikuarrak: «Oso garrantzitsua izan da zalantzarik gabe; garrantzitsuenetarikoa. Baina nik uste iaz Hiru Handietan lortu nuen hirugarren postua izan dela nire kirol ibilbideko inflexio puntua». Podium horrek aurrean ibiltzeko gaitasuna zuela erakutsi zion Kulum Sport taldeko lasterkariari.

Metodologia aldaketa

Aurtengo denboraldian aurrerapauso handia eman du Garaik. Entrenatzaile baten aginduetara hasi zen entrenatzen duela 7 bat hilabete eta emaitzak iritsi diren arren, bidea konplexua izan dela onartu zuen: «Aurten inoiz baino gutxiago lehiatu dut eta entrenatu eta entrenatu ibili naiz. Momentu batzuetan antsietate puntu bat ere izan dut ezin nuelako nire sasoi puntua lasterketetan probatu baina onartu beharra daukat entrenatzaileari arrazoia eman behar diodala. Bete betean asmatu baitu» zioen.

2014ko abenduan Herritarren saria jaso zuenetik goraka doa etengabe Jokin. Kolazinoko mendi lasterketan bostgarren postua lortu zuen, Arrasaten sailkapen bera errepikatu zuen eta ekainean Leitzan jokatu zen Euskal Herria Mendi erronkan, laugarrena izan zen. Denboraldiko lehen zatia borobiltzeko, Ekainaren 26an Dolimitetan jokatu zen Nazioarteko Lavaredoko Ultra Trailean lorturiko emaitza ere nabarmendu beharra dago. Oñatiarra 15. postuan iritsi zen helmugara goi mailako korrikalari ugariren artean (sailkapena hemen).

Helburu berriak

Aste honetako atsedena baliogarria izango da, aurrera begira dituen helburu garrantzitsuentzat. Aurten denboraldia luzatu egingo duela onartu baitzuen atzoko elkarrizketan: «Datorren astetik aurrera, poliki poliki berriz ere lanean hasiko gara. Izan ere abuztu amaieran Chamonixera joango naiz 100 km lasterketa batetara eta iraila hasieran, Katalunian jokatuko den Munduko Kopako Ultra batean parte hartu ondoren amaituko dut aurtengo denboraldia» zioen txantxikuarrak.

Elkarrizketa guztia entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:


Garai, G2Hko txapelarekin. Argazkia: Ina Olaizola.

No hay comentarios:

Publicar un comentario