miércoles, 8 de julio de 2015

JULEN UMEREZ ETA XABI MURGIONDO.

2015-07-08 13:42:30
UMEREZ ETA MURGIONDOK LEHEN ETA BIGARREN POSTUA LORTU ZUTEN MENDARON
Julen Umerez: «Sekulako pisua kendu dut gainetik»
«Sekulako pisua kendu dut gainetik» zioen atzo, asteburuko protagonista nagusietako bat izan den Julen Umerezek. Xabier Murgiondo taldekidearekin batera -eskutik emanda-, iritsi ziren biak larunbatean Mendaroko helmuga puntura. Lehen eta bigarren postuak eskuratu zituzten Ulma Aloña Mendi taldeko ziklistek eta atzo, bizi izan zuten guztia azaltzen izan ziren Oñati Irratian.

Azkenean iritsi da, horrenbeste alditan amestutako momentua. Julen Umerezek bere kirol ibilbideko lehen garaipena lortu zuen pasaden larunbatean Mendaron. Ziklokrosean garaile izatea zer zen bazekien Aloña Mendiko gazte mailako ziklistak, baina errepidean, sekula garaipen bat lortu gabe zegoen. Eta ez da izango saiatu ez delako. Izan ere, azken urteetan lasterketa gehienetan lehen postuetan amaitu ditu probak. Baina errematatzea falta izan zaio eta uste baino beranduago iritsi bada ere, azkenean lortu du horrenbeste bilatu duen garaipena Umerezek.

Lasterketa bikaina osatu zuten Umerez eta Murgiondok larunbatean Mendaron. 84 kilometrotan zehar, estrategia bikaina erabili zuten eta azken kilometroetara lasterketa irabazteko aukerekin iritsi ziren oñatiko bi txirrindulariak. «Azken kilometroetan konturatu ginen irabazteko aukerak izango genituela. Aurretik generaman Unai Orbea harrapatu eta kilometro eskas falta zela erritmoa aldatu genionean, ez zuela erantzun ikusita, jabetu ginen handia egingo genuela» esan zuten bi protagonistek.

Xabi Murgiondok detaile oso polita izan zuen bere taldekideari garaipena eskainiz eta Umerezek zinez eskertu zion egindakoa: «Banekien gaizki pasatzen ari zela. Beti ibili da aurrean; zorte pixkat falta izan zaio. Jubenil mailan bere azken urtea dela ikusirik, ez nuen zalantzarik izan garaipena berari ematerakoan. Nik baino gehiago behar du Julenek, bai motibaziorako eta baita datorren urtean talderen bat bilatzeko». Umerezek hitz onak besterik ez zituen izan Murgiondoren jarreraren aurrean: «Irabaztea oso zaila da eta denoi gustatzen zaigu. Horregaitik asko eskertzen diot Xabiri eginikoa» zioen garaileak.

Ranking-ean ziklista onena

Larunbateko garaipenaren ondoren, Julen Umerez gazte mailako Gipuzkoako ziklista onena edo erregularrena da momentu hauetan. Hori da hain zuzen ere, denboraldi guztiko emaitzak pilatzen dituen ranking ofizialak esaten duena. Umerezek 148 puntu ditu sailkapenean eta Oier Ibargureni, puntu bateko aldea ateratzen dio. 18 lasterketetatik 15etan batu ditu puntuak eta podiumera igo den bigarren aldia izan da asteburukoa (Zarautzen hirugarren izan zen). Lasterketa guztiak lehen 12 postuetan amaitu ditu ziklista oñatiarrak.

Murgiondoren denboraldia ere oso ona izaten ari da. Jubenil mailako lehen urteanGipuzkoako azpitxapeldun izatea lortu du. Deban hirugarren postuan amaitu zuen lasterketa eta larunbatean bigarren izan zen Umerezen atzetik. Emaitza ikusgarri hauei esker, ranking nagusiko bederatzigarrena da Murgiondo eta lehen urtekoen artean, hirugarren dago momentu hauetan. Bigarrena (Iñigo Altuna) 3 puntutara ikusten duelarik.

Mendaroko garaipena nolakoa izan zen azaltzeaz gain, denboraldiari buruzko balantze bat eta aurrera begira dituzten asmoetaz ere, hitz egin zuten bi ziklistek. Era berean Frantziako Tourrari buruzko pronostiko bat egin nahi izan zuten Aloñako txirrindulariek.

Elkarrizketa guztia entzuteko, sakatu beheko podcastean:


Umerez eta Murgiondo Mendaroko garaipena ospatzen. Argazkiak: gtxe

No hay comentarios:

Publicar un comentario