viernes, 7 de agosto de 2015

Arrikrutzeko harribitxia ezagutzeko aukera, domekan

GOIENA
Ubane Madera 2015-08-07 08:06  OÑATI
EspeleoArrikrutz izenburuarekin, oraingo domekan (abuztuaren 9) Arrikrutz kobazuloetan barneratzeko aukera ematen du Oñatiko turismo bulegoak. 16 lagunek dagoeneko eman du izena, eta bertaratzeko interesa izanez gero, komeni da bizkor ibiltzea, ezen 20 lagunek osatutako taldea sartutako da-eta, Arrikrutzeko harribitxia ezagutzera. Bisitak hiru ordu eta erdi irauten du eta 09:00etan abiatuko dira barrura.

Arrikrutzeko galeria. Argazkia: Sergio Laburu | 
Arrikrutzeko Eszentrika handia eta Aldaola errekaren lurpeko ibilgua ikusteko, eta oro har, barruko alde hori guztiaren ezagutza geologiko sakona emango dute domekan Oñatiko kobazuloetara gerturatzen diren bisitariei. Bisitari euskaldunak, lehenago ere bertan izan den madrildar bat eta Galizako bikote bat izango dira, momentuz, domekan Arrikrutzen, Borja Abarrategi gidariak esandakoaren arabera. "Leku desberdinetan jarri dugu iragarkia eta horrela joan dira izena ematen", esplikatu du hark.

Aldatzeko jantziak

"Komeni da jantzi zaharrak eramatea (ze zikindu egiten da), baita aldatzeko jantziak ere, edo katiuskak, barruko putzuetan ibiltzeko. Kaskoa eta argia, berriz, guk jarriko ditugu. Eta norbaitek jatekoa eta ura eraman gura baditu, eraman ditzake", gaineratu du Abarrategik. "Kobazuloa urte osoan hamar gradutan dago", gogora ekarri du.

Izenematea

Arrikrutz bisitatu gura duenak aldez aurretik eman beharra dauka izena. 20 euro da bisitaren prezioa eta 16 urtetik gorako pertsonak joan ahal dira. Izena emateko: 943 08 20 00 edo arrikrutz@oinati.eus.

Hurrengo, Aitzulo

Kobazuloetarako bisita hori Geoaizkorri Abuztuan izeneko ekimenaren barruan dago. Arrikrutz-Oñatiko kobek, Zerain Paisaia Kulturalak eta Leintz Gatzagako Gatz Museosak elkarrekin abian jarritako ekimen turistikoa da. Hainbat hitzordu eskaintzen ditu abuzturako, eta domekakoa da lehenengoa.

Hurrengoa, berriz, abuztuaren 16an izango da. Aitzulo izenburuarekin, Araotzeko bailaratik zehar bertako ondare geologiko-etnografikora gerturatzeko irteera izango da. Hain justu ere, Orkatzategiko paretetan zintzilik geratu den Aitzulo paleokobazuloa eta Sandailiko koba ezagutuko dira orduan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario