viernes, 26 de agosto de 2016

ATZEKO KALEKO OBRAK.

Aurrera doaz Atzeko kalea oinezkoendako egokitzeko lanak

Josu Bilbao 2016-08-26 11:02  OÑATI BERRIAK
San Migel bezperarako lanak bukatuta egongo dira, dena ondo bidean. Oinezkoendako egokitzeaz gain, saneamendua eta ur hornidura berritzen ari dira.
Aurrera doaz Oñatiko Atzeko kalea oinezkoendako egokitzeko lanak. Ekainean hasi zituzten obrak, eta dena ondo bidean, jaietarako bukatuta egon beharko lirateke. Azken asteetan nabarmen aurreratu dituzte lanak, eta jada, lehen errepidea zegoen tokian, oinezkoendako harbidea ezartzen hasi dira. Asfaltoaren ordez, izan ere, galtzada-harriak jarri dituzte kalean zehar.
Atzeko kaleko beheko aldea egokituko dute oinezkoendako hain zuzen ere, fase honetan: Ramon Irizar kaleko kantoitik udaletxe osteraino. Baita beste bi kantoi ere: Ene Bada dendatik Atzeko kalera doana eta Kirrinenekoa.
Kalea oinezkoendako egokitzeko lanekin batera, azpiegitura lanak ere egiten ari dira; ur hornidura eta saneamendua berritzen dihardute, adibidez.
Lanen iraupena gutxi gorabehera hiru hilabete eta erdi izango zirela kontuan hartuta eta kalea erdigunean dagoela kontuan hartuta, herriko bi jai nagusien artean egitea erabaki zuen udalak; hau da, Corpus jaien ostetik San Migel jaien hasierara. Badirudi, lanak doazen martxan, irailaren 28rako alegia, bukatuta egongo direla.
Proiektu honek zirkulazio aldaketak ere ekarri ditu, bai lanak egiten ari diren bitartean, baita ondoren ere. Izan ere, gero, oinezkoek izango dute lehentasuna, eta horrek aldaketak ekarriko ditu Atzeko kaleko erabileran. Gainera, lanak bukatu ostean inguruko guneetan aparkatzeko txandakako sistema jartzeko aukera buruan darabil udalak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario