lunes, 19 de diciembre de 2016

Gipuzkoako kros txapelketa 2016.

ok magazinea

2016-12-19 16:31:59
BAKARKA ZEIN TALDEKA, HAINBAT DOMINA LORTU DITUZTE
Maila onean aritu dira Aloñako korrikalariak, Gipuzkoako kros txapelketan
Asteburuan, kros denboraldiko lehen test serioa lehiatu dute Aloña Mendiko korrikalariek. Atzo goizean, Gipuzkoako txapelketa jokatu zen Eibarren eta Arrateko berdegunean ikusi zenagatik, pozik egoteko motibo ugari utzi zituen azterketak. Bakarkakoan lau domina, eta taldekakoan beste hiru lortuta, itzuli baitziren etxera oñatiarrak.

Kategoria guztietako Gipuzkoako kros txapelketa izan zen atzokoa. Harrobiko korrikalarietatik hasi, eta beterano arteko lasterketak hartu zituen Arrateko barrutiak. Eta Aloña Mendiko ordezkaritza maila oso onean aritu zen, guztira 7 domina eskuratuta.

Arlo indibidualean, lau podium lortu ziren. Igor Mugarza eta Dayber Losadak zilarrezko domina eskuratu zuten infantil eta promesa mailetan hurrenez hurren. Aitor Monasterioguren eta Martin Amilibia ere, podiumera igo ziren. Azken kasu hauetan, brontzezko domina lortu zuten kadete eta seniorretan. Dominetatik oso gertu ibili zirenak, kadete mailako Alex Ortiz (4.) eta Eider Irizar (5.) izan ziren. Irizarren kasuan, debuta egin zuen atzo krosean eta aipatu beharra dago, larunbatean pistan bi proba egitetik joan zela Arrateko lasterketara.

Gazte mailan txapeldun

Arlo indibidualeko emaitzez gain, taldekakoan ere bikain aritu ziren txantxikuarrak. Gizonezkoen gazte mailako taldeak Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen eta senior eta beteranoak berriz, azpitxapeldun izan ziren. Azken denboraldietako emaitzek, agerian uzten dute Aloña Mendiren maila bikaina, atletismoaren modalitate gogor honetan.

Pistan ere bikain

Kroseko Gipuzkoako txapelketaz gain, larunbatean, pista estaliko lasterketa garrantzitsuak lehiatu ziren Donostiako belodromoan. Aloñako hainbat ordezkarik Euskadiko txapelketan lehiatzeko txartela eskuratu zuten bertan. Malen Ugartek altuera jauzian, Ekiñe Inzak 60 metroetan, Sara Gomezek 1500 metroetan eta Eider Irizarrek pisu jaurtiketan, Euskadiko txapelketan lehiatuko baitira bakoitza bere kategorian.
Igor Mugarzak zilarrezko domina irabazi zuen infantil maila

No hay comentarios:

Publicar un comentario