IRAILAK 7. IGANDEA
10:00 Postuak ireki egingo dira.
10:00-10:45 Gaztak jasotzeko tartearen hasiera.
11:00 Gipuzkoako Artzai Gaztaren 30. Lehiaketa
11:00 Gazta dastaketa popularra (1go gazta bukatzen den arte)
11:15 Gaztagintzaren lehena eta oraina
11:30 Sagardo dastaketaren irekiera
12:00 Gaztetxoen Gazta Lehiaketa
12:00 Ardi Okela Gertatzearen Gipuzkoako 24. Lehiaketa
12:15 Ardiak mozte erakusketa.
12:45 Ardi okela banaketa
13:00 Omenaldiak:
• Gipuzkoako 2 artzainei
• Ameriketan artzaintzan aritutako artzain euskaldunei
• Tibur Agirre-ri
Ondoren sari banaketa.
GOIZEAN ZEHAR
- Euskal Herriko Ardi Latxa arrazako ardi eta ahari erakusketa- Artzai Gazta Elkarteko kideen gazta salmenta
- Gazta salmenta
- Sagardo dastatzea
- Gazte eta helduen Rally Fotografikoa. IKATZA taldea
14:30 HERRI BAZKARIA
Tokia: Aitxuri jatetxea (txartelak salgai egongo dira goizean zehar).
17:30 Gipuzkoako 46. Artzain Txakurren Txapelketa
Tokia: Urtatzako Zelaia “pantano bidean”
Maria Angeles Barrena Ugarte
1935. urtean jaioa. Gesaltza baserria. Oñati
Senarraren
etxera ezkondu bazen ere, Arantzazukoa da ere Maria Angeles, Arrikurutz
baserrikoa hain zuzen ere. Artzaintzan gaztetik ikasitakoa dela
kontatzen digu Maria Angelesek, bere etxean ere ardiak bazituzten eta
umetatik hasi zen etxean laguntzen. Soroan lanean ibili ondoren,
oraindik 12 urte zituela, marmita hartu goiko larretara igotzen zen
(Belargo txabolen azpira) ardiak jaistera.
19 urte bete zituenean neskame joan zen eta lehenengo zortzi urteak
medikuaren etxean pasa zituen. Ondoren Oñatiko beste etxe batzuetan ere
ibili zen, baina denbora gutxiagoz. Emakume langilea zen Maria Angeles
eta leku askotan lan egin zuen, baita Oñatiko Garai fabrikan ere. Bertan
lanean zegoela, lagunen artean udaran Donostiara lanera joateko esaten
zioten, diru asko irabazten omen zen eta. Eta hantxe joan ziren lagun
koadrila eta uda Donostian lanean pasa zuten, ez zutela diru asko
irabazi dio Maria Angelesek, baina bai gauza ugari ikusi. Donostiatik
bueltan Oñatiko Etxeberria jatetxean lanean aritu zen.
28 urte zituela senarrarekin ezkondu eta Gesaltza baserrira etorri
zen. Baina 42 urte zituela alargun gelditu zen, lau ume txikirekin.
Artalde handia zuten garai hartan eta lan handia zegoen ardiak jaisten,
gazta egiten eta etxeko martxa eramaten; eta bakarrik zen Maria Angeles.
Anaiak asko lagundu ziotela kontatzen digu baina seme-alabek ere azkar
ikasi zuten lanean.
100 arditik gora izan zituzten, denak mutur beltzak. Baina, hemen
ere, inguruko baserrietan bezala, ez ziren artzaintzara soilik
dedikatzen. Haragi behiak ere bazituzten eta hauek dedikazio asko
eskatzen zuten beti etxean zituzten eta. Ardiak, uda partean Aloñara
igotzen zituzten eta oraindik ere naiz eta
artalde txikia mantentzen duen, hango eskubidea ordaintzen jarraitzen dute.
Betidanik egin dute gazta baserrian, ez zuten esnerik saltzen. Berak
egin zuen ere Gomiztegin artaldea jarri zuten lehen urtetan, bertako
esnearekin gazta. Arantzazura joaten zen igandetan saltzera eta ondoren
larunbatean Oñatiko azokan ere saltzen hasi zen. Beti oso ondo saldu
duela gazta kontatzen digu Maria Angelesek, bai Arantzazun eta bai
Oñatin asko saldu dutela. Arantzazuko eliza aurrean, ezarri zen lege
batez, auzokoek bakarrik zuten bertan postua jartzeko aukera. Garai
batean auzotar asko egoten omen zen bertan saltzen.
Seme-alabek kanpoan lan egiten dute baina zaharrenak afizio handia
duela kontatzen digu, gaztetan Gomiztegin gustora lan egingo zuela
esaten zuen. Gaur egun behorrak baditu eta egunen batean baserriko
martxa jarraituko duela pentsatzen du Maria Angelesek, baina kanpoan lan
eginda zaila dela.
Nikolas Segurola Etxaniz
1939. urtean jaioa. Largarate baserria. Matxinbenta
1939an jaio zen Nikolas, Largarate baserrian, bost herrik bertatik
jaten duten auzoan, Matxinbentan. Baserri haundia zen berea, bost
baserriren lurrak zituena. Artaldea handia bazuen ere, labrantza zuten
jarduera nagusia: garia, artoa, patata, arbia... eta beti egoten ziren
eguraldiaren esperoan. Nikolasek kontatzen digunez, etxeko printzesak
behiak ziren eta ardiak neskameak. Bera ardi zain ibiltzen zen umetan
eta mendira igotzen zen ardiak batu eta kontatzera. Ondoren aitak
egutera edo lainotera botatzeko esaten zion. Irailaren 13 batean, 12
urte zituela, Arantzazura ikastera joan behar zen bezperan, beti bezala
ardiak kontatu eta nola hego haizea zegoen, aitak lainotera botatzeko
esan zion. Denak bota zituenean han ikusi zituen denak, korrika eta
saltoka larre bila eta negar batean hasi zen. Izugarrizko pena ematen
zion ardiak uztea eta Arantzazura joatea.
Arantzazun ikasketak hasi bazituen ere, gaixotu egin zen eta 3 bat
urtez etxera bueltatu zen sendatzeko.Behin sendatu zenean berriz itzuli
zen, orduan betirako.Sartu zenean, Zarautzera joan behar ziren
sukaldaria eta Gomiztegin baratzean ibiltzen ziren fraideak eta berari
bietako bat ordezkatu behar zuela esan zioten. Sukaldariak bere ordez
sartzea nahi zuen arren, Guardianak Nikolas baserrira joango zela esan
zuen. Eta halaxe izan zen.
Gomiztegi baserria 1950 urtean erosi zen eta 1953an fraideak sartu
ziren. Nikolas 60an iritsi zen eta geroztik bertan egon da, Zarautzen
nobiziagoa egiten pasa zituen urte batzuk izan ezik. Gomiztegi baserria
komenturako eta eskolako beharrak asetzeko zen, 300 fraide inguru zeuden
eta garai hartan. Esne behiak eta oiloak zituzten, 6000 oilo edukitzera
iritsi ziren. 40 txerrama ere bazituzten eta hauen umeak etxean gizendu
ondoren saltzen zituzten.
1978 urtetik aurrera hasi zen Arantzazuko gain bera. Ematen ziren
ikasketak ez ziren baliokoak, ez zeuden homologatuak eta ikasle askok
etxera alde egin zuten edo Gernikan zuten beste komentu batera. Teologia
ikasten ari zirenak ere unibertsitatera joan ziren. Ikasleak alde
egitean, irakasleak ere soberan zeuden. Eskaria hainbeste jaitsi zenez,
baserria saltzea pentsatu zuten. Langile aldetik ere asko nabaritu zen,
nahiz eta 8 fraide egoten ziren lanean, ikasleak lanera etortzen ziren
askariaren truke. Eskulan asko eta gaztea zuten.
Egoera berri honekin, erabakiak hartu behar zituzten eta horretan
laguntzeko Lurgintzako teknikari bati deitu zioten. 16 bat hektarea
zituen baserriak, zelai malkartsuak eta harkaitz ugarirekin, makina
sartzea ezinezkoa ziren lekuak. Teknikariak gomendatuta, beste behi
klase bat jartzea pentsatu zuten larrean ibiliko zena, ordura artekoak
etxean zituzten eta. Ia erabakita zutela Errioxara joan ziren pentsu
etxe batera tratua egitera eta bidean Guardianak, behiak jarri ordez
ardiak jartzea zer iruditzen zitzaion galdetu zion. Nikolasek begiak
zabal-zabal, emozionatuta, hamaika arrazoi eman zizkion ardiak jartzeko.
A ze poza hartu zuen berak behiak kendu eta ardiak ekarri zituztenean.
Lehen momentutik 400 ardiko artaldea osatu zuten, garai hartan
ohitura zen bezala batzuk Goizueta eta Leitza inguruetatik ekarri
zituzten. Hasiera batean denetik zuten: mutur gorriak, mutur beltzak,
karrantzanak eta nahastuak. Baina Arkauten, Ardiekinen, nahasketak alde
batera uzteko eta bat aukeratzeko esan zieten. Mutur gorria aukeratu
zuten orduan.
Nikolasek, beraiek artzaintzan hasi zirenean, garai ona tokatu
zitzaiela esaten du. Suertea izan zutela horretan, eraldatzen eta
hobetzen ari baitzen. Fabriken etorrerarekin, artzai gazte eta askok
artaldea saldu eta fabriketara joan ziren lanera.
Ordurarte ardienak ziren zelaiak fabrikak hartu zituzten eta
mendietako larreak, jadanik artalde gabe, pinuz betetzen hasi ziren.
Ardiez maiteminduak zeudenak bakarrik jarraitu zutela kontatzen du
Nikolasek. Baina 20 urte beranduago (beraiek artaldea jarri zuten
garaian), fabriketako lana ez zen hasierakoa bezala, ez zegoen hainbeste
alde. Euskal Gobernua ere garai haietan sortu zen eta artzaintzaren
alde apustu handia egin zuen Nikolasen ustez. Ardia euskal kulturaren
ikurra zela garbi zuten eta erraztasunak eta laguntzak eman zituzten,
arraza hobetzeko ere bai.
Hasieran batean ez zuten gaztandegirik eta Gesaltzako Maria
Angelesek kontatu digun bezala, berak egiten zuen gazta. Aretxabaletako
artzain bati ere eramaten zioten. 2-3 urte horrela ibili ondoren,
hospederi azpian hasi ziren gazta egiten.
Han ere ez zegoen garai bateko beharra eta lekua zuten. Baina bi
jarduerak ezin zirela leku berdinean egin eta han egitea debekatu
zieten. Orduan,
Gomiztegin gaztandegia egokitu zuten.
Tarte honetan artzain eskola sortu zen. 1997 sortu zen eskola,
1995ean Uharte Arakileko artzain egunean, beste batzuen artean Eduardo
Urarte eta Jose Manuel Goikoetxearekin izan zuen bazkari batean.
Lehenengo urtean martxan jartzeko bost ikasle biltzea eskatu zioten eta
horrela bada, 1997ko irailaren 10ean 9 ikaslerekin hasi ziren, artean bi
txiletar. Bera eskolara dedikatu zen orduan eta
ordu-arteko lana bere ilobak hartu zuen.
Lehenengo urtea bukatuta, bigarrenera ez zela inor geldituko uste
zuten baina oso harrera ona izan zuen eta prentsan ere oihartzun handia
eman zitzaion. Lehenengo urtean koordinadore lanetan ibili bazen ere,
bigarren urtean tutore lanetan jarraitu zuen eta Batis Otaegik hartu
zuen bere postua. Berak praktiketan, artzainengana joaten ziren ikasleak
bisitatzen zituen, dena ondo zihoan konprobatzeko eta jarraitzen zuten
metodologia egokia zen edo ez konprobatzeko.
Gaur egun Nikolasek Gomiztegin jarraitzen du baina dagoeneko ez du
eskolan parte hartzen, orain dagoen taldeak bere erabakiak hartu behar
dituztela pentsatzen du, beraiek ikusten duten moduan jokatzea. Berari
ere horrela gustatzen zitzaion bere garaian eta. Nikolasen ustez oso
talde ona da gaur egungoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario