martes, 3 de noviembre de 2015

Ritxar Fernandez hirugarren

OK MAGAZINEA

2015-11-03 10:26:53
IGANDEAN BEHOBIA DONOSTIA LASTERKETAN IZANGO DA
Ritxar Fernandez hirugarren, Gasteiz hiria herri lasterketan
Behobia Donostia lasterketa ospetsuaren atarian gauden honetan, herriko korrikalariek albiste pozgarriak utzi dizkigute beste behin. Oraingo honetan, protagonista, Ritxar Fernandez atleta beteranoa izan da. Oñatiarrak proba oso ona burutu zuen igandean, Gasteiz hiria herri lasterketan eta sailkapen nagusiko hirugarren postua eskuratu zuen.

Euskal Herria Kirola elkarteak, Gasteiz hiria herri lasterketaren XVI. ekitaldia antolatu zuen igandean. Euskara eta kirola uztartzeko helburua duen lasterketa honetan lehiatu ziren korrikalariek, 10 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten. Aurtengo edizioak 600 korrikalaritik gora bildu zituen Arabako hiriburuko kaleetan, eta orokorrean oso maila altua eskaini zuten aurrekaldean ibili zirenek.

Izen nagusi horien artean kokatu zen Ritxar Fernandez korrikalari beteranoa. Txantxikuarra sasoiko dago denboraldi hasiera honetan eta igandean agerian gelditu zen, beteranoa izanagaitik, oraindik ere onenekin lehian aritzeko gaitasuna duela. Fernandezek adierazi digunez, «lasterketa gogorra izan zen. Zirkuituan hainbat gora-behera zeuden eta zoru aldaketak ere, aipagarriak izan ziren».

Hala ere, orokorrean balorazio «oso positiboa» egiten du Fernandezek. Aurreko taldetxoan oso maila ona zegoen eta sailkapena ikusirik, goraipatzeko podiuma lortu zuen Oñatiko korrikalariak. «Hurtado eta Sebastian lasterketa buru jarri ziren hasieratik eta ni euren atzekaldeko taldetxoan kokatu nintzen. Bostgarren kilometroan indartsu aurkitu nintzen eta aurrera jo nuen bakarrik helmugara iritsi arte» adierazi digu.

Garaipena Marc Hurtadorentzat izan zen. Gasteizen bizi den kataluniarrak, 32:11 osatu zuen ibilbidea. Bigarren postua, Kike Sebastianek (32:40) eskuratu zuen eta podiumeko hirugarren koskatxoa, Ritxar Fernandezentzat izan zen. Txantxikuarrak, 33:16 kronoan zeharkatu zuen helmuga arrastoa. Aipatu, igandean, Behobia Donostia lasterketako irteera lerroan izango dela oñatiarra.

Sailkapen ofizialak [hemen].


Fernandez, igandeko lasterketa irteeran. Argazkia: Zuzenkipress

No hay comentarios:

Publicar un comentario