jueves, 27 de septiembre de 2012

e-Rezeta erabiltzen hasi dira Oñatin



2012-09-27 15:18:17 Goiatz Arana

Miguel Garate botikaria txartel elektronikoa erakusten.
Ohi baino korapilotsuagoa ari da izaten gaurko eguna Oñatiko farmazietan. Izan ere, errezeta elektronikoa jarri dute martxan eta, sistema berri horrek segurtasunean eta erosotasunean irabaztea ekarriko duen arren, lehen egunean –normala den moduan– zalantzak eta arazo teknikoak izan dira, besteak beste. Oñatiarrak izan dira errezeta elektronikoa erabiltzen lehenak Gipuzkoan; asmoa da, beranduenera jota, datorren urte hasierarako, Erkidego osora zabaltzea.

e-Rezeta gaurtik Oñatin





Uztailean eman zitzaion hasiera e-Rezetaren edo errezeta elektronikoaren ezarpenaren lehen faseari Bizkaian eta Araban, eta gaur abiarazi da Gipuzkoan: Oñatin, hain zuzen ere. Gaurtik, beraz, paperezko ohiko errezetaren ordez, osasun txartel berria aurkeztu beharko dute herritarrek farmazian. Miguel Garate Oñatiko botikariaren esanetan, sistema berri honek gauzak samurrago ipiniko dizkio erabiltzeari: pertsona batek istripu bat izaten badu, adibidez, ospitaleratzen dutenean bere historial guztia izango dute eskura txartel elektronikoaren bitartez; edo gaixoren batek alergiaren bat badu, botikariak jakinean egongo dira. Baina, batez ere, gaixo kronikoen taldeak aterako dio etekina sistema berriari.
Garate farmaziako botikari bat txartel elektronikodun herritar bat artatzen.



Oñatiarrek jada badute txartel elektronikoa eta oraindik ez dutenek egunotan jasoko dute etxean, baina norbaitek paperezko errezetak baldin baditu horiek erabili behar ditu lehendabizi. Gauzak horrela, ez dira asko izan aurreneko egunean e-Rezeta erabili duten oñatiarrak, baina nahikoak, Garate botikariak kontatu digunez; goiza gogorra izan da.



Denbora kontua izatea espero da, ordea, errezeta elektronikoaren proiektuan lanean aritu direnek esan digutenez, sistema honekin hilabeteak edo asteak daramatzan lekuetan ondo ari baitira funtzionatzen.

Txartel elektronikoa ordenadorean.



Oñatin, osasun zentro bat, lau farmazia eta guztira 11.309 osasun txartel indibidual daude, eta gaur egun egiten diren errezeten %84 gaixotasun kronikoengatik tratamendu aktiboak dituzten pazienteentzat izaten dira.



Hedapena



Lehen hedapen-faseko hurrengo udalerriak Elorrio eta Ea izango dira Bizkaian, Labastida Araban eta Hondarribia Gipuzkoan. Asmoa da 2012 amaieratik 2013 hasierara bitartean e-Rezeta EAE osora zabaltzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario