martes, 13 de octubre de 2015

MAIDER ARREGI

2015/10/13
MAIDER ARREGIK GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETARAKO FINAL LAURDENETAN PARTE HARTUKO DU



Puntuazioaren arabera lortu du fase berrirako sailkapena

  Irailaren 27an Lasarte-Orian jokatu zen final zortzirenetako saioan, bigarren sailkatu zen Maider Arregi. Saio bakoitzeko lehenek hurrengo faserako txartela zuzenean lortzen zuten baina gainontzekoek, puntuazioaren arabera. Hala, asteburuan jokatu diren azken saioak amaitu arte itxaron behar izan da puntuazioaren arabera sailkatu diren 17 bertsolariak ezagutzeko.
  Final zortzirenetatik datozen 23 bertsolariei, 2011ko txapelketan lortu zuten postuari esker aurrez sailkatuta zeuden zazpi batuko zaizkie: San Migeletako bertso jaialdian Oñatin kantatu zuen Agin Laburu eta Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Arregi. Asteburu bateko atsedenaldia hartu ostean, urriaren 24an hasiko dira final laurdenetako saioak Urretxu-Zumarragan eta azaroaren 8an amaituko, Eskoriatzan. Guztira, bost saio jokatuko dira fase berri honetan. Seina bertsolariz osatutako bost talde egin dira, eta saio bakarrera lehiatuko dira. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera, eta puntu gehien eskuratzen dituzten hamahiru bertsolariekin osatuko dira finalaurrekoak.
  Maider Arregik azaroaren 1ean Ormaiztegin jokatuko den saioan parte hartuko du. Oñatiarrarekin batera, Ander Lizarralde Jimenok, Arkaitz Oiartzabal Agirre “Xamoa”k, Felix Zubia Olaskoagak, Iñaki Apalategi Astigarragak eta Unai Gaztelumendi Arandiak osatuko dute seikotea. Ohi bezala, final laurdenetarako sarrerak, baita Ormaiztegiko saiorako ere,  dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.
  Udaberrian jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean Oñatiko bertso eskolako bost lagunek parte hartu zuten: Maider Arregi, Andoni Goitia, Egoitz Aizpuru, Urko Egaña eta Joseba Lasagabaster. Arregik bakarrik lortu zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela eta urrats berria emanez, final laurdenetan arituko da.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario