domingo, 13 de septiembre de 2015

Oñatiko lehen Haurren Eguneko antolatzaileak omenaldia jaso dute

Oihana Elorza 2015-09-13 15:11  OÑATI
1970. urtean egin zuen lehen aldiz Haurren Eguna Oñatin, orduko Oñatz kulturaelkarteak bultzatuta. Orduko antolatzaileak omendu dituzte eguerdian Foruen plazan. Ekitaldia bukatzeko, Aurreskua eta Ikurriñaren dantza dantzatu dituzte Euskal Herriko herri ezberdinetatik etorritako 13 dantza taldetako ume dantzariak.
Eguerdian jaso dute omenaldia, Foruen plazan |
Ads by Magical FindAd Options
Haurren Egunak 45 urte bete ditu gaur Oñatin eta lehenengoz antolatu zutenak omendu dituzte eguerdian Foruen plazan egin duten ekitaldian.
Oñatz izeneko kultura elkartea sortu zuten Oñatin 1966an. Lourdes Idoiaga zen orduak elkarteko presidentea eta hasiera nolakoa izan zen gogoratu du oholtza gainean: "danborrada antolatzen genuen, hitzaldiak... Ez dok Amairu ere ekarri genuen Oñatira. Hemen izan ziren Laboa, Lete eta beste hainbat. Baina gura genuen dantza ere ekartzera herrira. Ordurako Arrasaten antolatzen zuten horrelako eguna eta hara joan ginen nola lan egiten zuten ikustera. Orduan erabaki genuen Oñatin ere egitea. Irakasleak formatu genituen, txistulariak lortu, umeei dantzak erakutsi... eta horrela egin genuen lehen aldiz Haurren Eguna Oñatin, 1970ean". 

Ikurriñaren koloreak

Idoiagak gogoratu du orduan ikurriña ez zela legezkoa eta gobernadore zibilaren aldetik presioa izaten zutela. "Guk, baina, gura genuen ikurriña eramatea, izatea, nola edo hala. Eta ikurriñaren koloreak erabili genituen lehen Haurren Egunean astindu genuen banderolan. Zinta dantza egiteko ere kolore horiek erabili genituen, urdin argi batekin batera", kontatu du Idoiagak. Udaletxeko fatxadan jarri dute gaur lehendabiziko Haurren Egunean erabilitako oihala.
Haurraren Eguneko ibilbide honetan baina, Idoiagak aitortu du lehen aldiz egiteak baino garrantzia handiagoa izan duela jarraipenak, "eta lan hori Txutxin-ek egin du". Txalo beroa eskatu du Idoiagak Jesus Irizar Txutxin-endako, eta plazan batuta zeuden ume, nagusi eta dantzariek txalo egin dute. Ume batek, arrosa zuriz egindako sorta bat eman dio Txutxin-i, emaztearendako, "Arantxandako, hark ere asko lagundu diolako lan honetan", Idoiagaren esanetan.
Hamabost bat lagunek ekin zioten Haurren Eguna antolatzeari baina denak ez dira gaur egon.
Omenaldiaren ostean, Oñatiko kaleetan zehar galdu dira Euskal Herriko herri ezberdinetatik etorritako 13 dantza taldeetako ume dantzariak, dantzan egiteko.

Oñatz

Oñatiko Oñatz dantza taldean 300 bat ume eta beste 65 bat nagusi daude eta "osasuntsu" dagoela diote kideek. "Erreleboa emateko prozesuan nago. Ikusten dut gazte talde on bat dagoela orain ere Oñatzen, eta urte t'erdi barru edo hartu dut erretiroa", dio Irizarrek. "Osasuntsu dago taldea, bai. Hiruzpalau lagun gaude koordinatzaile moduan, baina talde lana da Oñatz", dio Maite Irizarrek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario