miércoles, 31 de agosto de 2016

Amaren Bederatziurrena.

Hasi da Arantzazuko Amaren Bederatziurrena

Eneko Azurmendi 2016-08-31 13:59  DEBAGOIENA  OÑATI BERRIAK
Irailaren 9a da egun handia, Arantzazuko Amaren eguna, eta aurreko bederatzi egunak elizkizunak eta ospakizunak egiteko baliatzen dute frantziskotarrek. Aurten Bederatziurrenetik zabaldu eta aldarrikatuko duten gaia errukiarena izango da.
Hasi dute erlijio ospakizunez beteriko bederatzi eguneko ibilbidea Arantzazun. "Bederatziurreneko programa oso xumea da. Bi ordu nagusi izaten dira: eguerdiko–12:00– meza nagusia eta iluntzeko –20:00– Mariaren elizkizuna", adierazi du Iñaki Beristain frantziskotarrak.
Urtero izaten da bederatziurrenetik zabaldu nahi izaten den gai bat edo mezu bat. Aurtengoan, errukia izango da gai hori. "Jubileo urtean gaudenez, gaia emana dator", nabarmendu du Beristainek.
Iñaki Beristain frantziskotarraren esanetan, erromes kopuruak zein bederatziurren guztia Arantzazun igarotzen dutenen kopuruak behera egin du azken urteotan. Hala ere, jende kopuruari ez dio garrantzirik eman nahi izan, bederatziurrenean zehar bizitzen den elizkizun festari baizik. "Garai batean ohituta geunden eliza beteta ikustera. Gaur egun ez da hala, baina zenbakiak ez ditugu hainbeste begiratu behar, barrutik bizi denari begiratu behar diogula uste dut", azpimarratu du.
Egun hauetan zehar, egun bakoitzean herri desberdinetatik erromesaldiak egiten dira Arantzazura. Urtero erromesaldi berberak izaten dira eta besteak beste, Aretxabaletatik, Oñatitik Legazpitik, Irundik eta Seguratik etortzen dira erromesok. Gaurkoan Nafarroako Arkupe taldea etorri da, baina horrez gain, Andaluziatik eta Espainiako beste inguru batzuetatik hurbildutako bisitariak ere izan ditu Arantzazuk.
Bestalde, Arantzazuko Adiskideak elkarteak , Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek, “Arantzazuko arte lantegia” pintura- eta eskultura-erakusketa kolektiboa jarriko dute ikusgai Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan, irailaren 2tik urriaren 16ra bitartean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario