martes, 25 de octubre de 2016

Kiroldegia berritzea???

ok magazinea

2016-10-25 10:22:37
10-15 URTEETAN EZIN IZANGO LITZATEKE OBRA HANDIRIK EGIN
Zubikoa eraberritzeak, eragin zuzena izango luke herriko beste inbertsiotan
Kiroldegia berritzearen inguruko hausnarketa herritarrekin partekatzeko, informazio saio irekia egin zuen Udalak larunbatean. Arkitektoek, landu dituzten proiektuen xehetasunak eman zituzten eta bakoitzaren alde on eta txarrak zeintzuk diren azaldu zizkien bilerara bertaratutakoei. Udal ordezkariek baina, haratago joan nahi izan zuten eta Zubikoaren eraberritze lan hipotetiko bati, zenbakiak jarri dizkiote. Kantxa berdetik ezkerrara gelditzen den eraikinaren erreforma integrala egiten bada, 5 milioi euro inguruko kreditu bat eskatu beharko da. Eta horrek, herriko bestelako inbertsioegi dagokienean, Udala lotuta utziko luke datozen 10-15 urteetarako.

Azken urteotan luze eta zabal hitz egin izan da kiroldegiko erreformaren inguruan. Txiki geratu omen da, askoren ustez. Gogoratu beharra dago, Kirol Management enpresak duela bi urte Udalarentzat idatzi zuen Kirol Planean ere jasotzen zela kiroldegia eraberritzeko premia. Horren aurrean, Udalak aukera ezberdinak aztertzea eskatu zien kirol azpiegituretan adituak diren Chocarro&Herranz arkitektoei. Hauek aurreproiektu ezberdinak idatzi dituzte, eta orain herritarrekin partekatu nahi izan ditu, hauen iritziak jasotzeko.

Larunbateko deialdira hurbildu ziren herritarrek, arkitektoen ikuspuntua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Javier Chocarro eta Alfonso Herranz-ek, landu dituzten aukera ezberdinen xehetasunak emateaz gain, bakoitzaren aldeko eta aurkako puntuak ere azaldu zituzten. Hori horrela, erabakia oraindik sakonki aztertu beharra ikusten bada ere, larunbateko bileran ikusi zenagatik, aukera zentzudunena, egungo kiroldegia eraberritzea izan litekela somatzen da.

Bi abantaila nagusi ikusten zaizkio aurreproiektu honi: kokapena eta inbertsioa. Berri bat eraikitzea baino dexente bajuagoa izango litzateke eta. Hala ere, badira desabantailak ere. Esate baterako, obrak iraungo lituzkeen 12 bat hilabete horietan, zonalde horretan egiten diren aktibitate ezberdinekin zer egin ere kezkarako gaia baita.

5 milioiko inbertsioa

Gaur egungo zona hezea eta gimnasioaren eraberritzearen kasuan jarrita, Udalak zeresan handia eman dezakeen datua erantsi nahi izan zuen larunbateko bilera irekian. 3,5 milioi euro inguruko obra izanik, 5 bat milioi euroko kreditu bat eskatu beharko luke. BEZ-a eta bestelako tasa eta gestioek, kopuru horretara igoko bailukete gutxi gorabehera, obren kostua.

Udalak uneotan 1,3 milioi € zorra daukala ikusita, aurerantzean aparteko gora-beherarik ematen ez bada, kreditu honi aurre egiteko moduan egongo litzateke. Hala ere, era honetako operazio handi batean sartzeak, herrian datozen 10-15 urteetan eragin zuzenak izan ditzakela jakinarazi nahi izan zuen Borja Moiua kirol zinegotziak. Udala, gutxi gorabehera, urteko 1,5 milio euroko diru poltsarekin soilik geldituko litzatekelako beste alor guztietako inbertsioetarako.

Azken urteetan kirol arloan diru asko inbertitu dela ere gaineratu nahi izan zuen Moiuak. Kantxa urdina, Azkoagain, Larrañako futbol zelaia, Tenis pista...eta herriak kiroletan bezala, beste hainbat alorretan beharrak ere badituela garbi utzi nahi izan zuen.

Talde eragilearen garrantzia

Orain herri mailako lehentasunak finkatu, eta epe motzean, hartuko diren erabaki estrategikoak ondo hausnartu nahi dira. Talde eragilea sortu, eta oraindik zehazteke dagoen lan dinamika jarraitu batekin, Zubikoa eraberritzearen gai honi, erabaki zentzudun bat eman nahi dio Udalak.

Talde eragileko ateak irekita daude eta kirol arloko pertsonez gain, bestelako elkarte eta norbanakoek ere zeresana badutela gogorarazi nahi dute. Kiroldegia ez ezik, herriko kirol azpiegitura guztiak nondik nora jo behar duten zehazteko, herritarren partehartzea ezinbestekoa izango baita.

No hay comentarios:

Publicar un comentario