Azken urteotan Oñatin atleta frantziarrak izan dira nagusi, baina bizikletako saioan Galinier atzean utzita Patxi Vilak iazko arantza atera ahal izan zuen atzo helmugan (1:42:02). Deskargan erasoa jo eta bakarrik iritsi zen gainera, eta handik Oñatira arteko zatian abantaila polita hartu zuen. Hala, korrikako saioan Galinier ahalegindu zen Lagunak-Saltoki taldeko atleta harrapatzen, baina ez zuen lortu.
Oñatiko duatloiak modu ezin hobean ospatu zuen XIX. edizioa, parte-hartze galantarekin batera (300 atleta iritsi ziren helmugara) maila oso oneko atletak egon zirelako. Aurrealdean iazko protagonistetako bi, Patxi Vila eta Laurent Galinier –iazko irabazle Capoferri gaixo zegoen–, baina egoera ez zen iazko bera izan. Vilak korrika asko hobetu du iaztik hona, eta Galinierrek korrikako saioan abantaila ederra hartu bazuen ere, bizikletako tartean hasierako kilometroak bakarrik eginda, atzetik zetozenek berehala jan zuten. Bizikletan, Vilak oraindik sasoi puntu ederrean dagoela erakutsi zuen, eta Oñatira bakarrik iritsita korrika egin beharreko azken lau kilometroetan nahikoa izan zuen eustearekin.
Emakumezkotan, berriz, Itsaso Leunda izan zen azkarrena (2:00:52), eta 23 urtez azpikoetan azpimarratzekoa Gurutz Larrea antzuolarrak (Antxintxika Triatloi Taldea) egindako lehen postua (1:47:05). Gorka Anduaga oñatiarra, berriz, hirugarren izan zen kategoria horretan (1:58:30). Eta oñatiarren artean, Iñaki Pelayo –sailkapenean 19. postuan– eta Gurutze Altuna –Emakumezkotan bosgarren– izan ziren onenak.
Atzoko lasterketaren kronika zabala Asteleheneko Goienkarian izango duzue, eta GOITBko Harmailatik kirol saioa berezia izango da, duatloiaren gainekoa.
Emaitzak, hemen.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario