lunes, 7 de mayo de 2012

Iñaki Goitia.Torre Pacheco hiriko ipuin laburren sari nagusia irabazi du

"Bizi izateko modu moduan ulertzen dut nik filosofia"


2012-05-07 12:00:55 Arantzazu Ezkibel

Murtziako Torre Pacheco hiriko ipuin laburren sari nagusia irabazi du Iñaki Goitia filosofia ikasle eta idazle oñatiarrak. Horrez gain, Con un par de narices ipuin laburren finalera heldu dira haren bi testu. Beste makina bat sari ere jaso du gazte horrek, eta haren lanak ere argitaratu dituzte liburu baten baino gehiagotan.



Zorionak! Gustura lortu duzun sariarekin?



Eskerrik asko! Bai, oso gustura. Bertako jendea ezagutzea oso esperientzia aberasgarria izan da eta sariaz aparte beste gauza asko jaso dudan sentipenaz bueltatu naiz.



Tribulaciones de un acrófobo amnésico lanarekin Murtzian saria irabazi duzu. Zeri buruzko lana da?



Istorioak zirkuko akrobata baten beldurrak azaleratzen ditu. Onena izan arren altuerari beldur dio eta infernu antzeko bat bizi du. Goraino igotzera zerk bultzatzen duen galdetzen dio bere buruari. Amnesia puntu bat ere badu eta goraino eramaten duen arrazoiaz ohartzeaz bat ahaztu egiten du, eta emanaldi bakoitzeko ziklo amaigabe bat eragin.



The Big Nose Theory kontakizunarekin ere aipamen bat jaso duzu.



Bai, kasu honetan finalista izan da beste lehiaketa baten eta aukeratua suertatu den Partenogénesis onírica testuarekin batera liburu baten argitaratuko dute.



Zer bultzatuta idatzi dituzu testu horiek?



Ez dakit, agian laneko protagonistak bezala amnesia puntu bat izango dut idaztera zerk bultzatu nauen gogoratzerako orduan. Egia esan, orain dela urte asko idatzi nuen eta intuitiboki idazten dudanez ez nuke jakingo istorio konkretuaren arrazoia. Beste bi lanak lehiaketa baten barruan sortuak izan dira.



Noiz sartu zinen literaturaren munduan? Nolakoa izan da ibilbidea?



Betidanik izan dut gustuko, baina zaletasuna itzaltzen joan eta urteak eman nituen ia ezer irakurri gabe. Filosofiari heldu baino pare bat urte lehenago berpiztu zitzaidan txikitako zaletasuna, eta geroztik idazten dihardut. Barruko behar batek bultzatuta idazten dut; harrezkero zenbait lehiaketatan sariak jaso eta liburu batzuetan argitaratu dizkidate lanok.



Zer ematen dizu filosofiak?



Filosofia bizi izateko modu bat da. Zeureganatzen duzun ezagutza horren guztiaren gainetik pertsona moduan aldatu egiten zaituela azpimarratuko nuke. Pertsona ezberdin bat egiten ez zaituen filosofia ez da, nire ustez, benetako filosofia. Atzera bueltarik ez duen puntura eraman behar zaitu.



Mundua beste modu batera ikusteko balio izan dizu?



Bai, baina batez ere beste modu batera bizi izateko. Kontenplazioa ondo dago, baina are hobea iruditzen zait eraldaketa badakar. Gizakiak bere ingurua ezagutu eta aldatzeko beharra izan du beti, baina, lehenik, nork bere burua ezagutu eta aldatu beharra duela iruditzen zait.



Ez dut esan nahi filosofia denik bide bakarra; bai, ordea, nik ezagutzen dudan bakarra.



Zer lan duzu orain esku artean? Aurrera begira baduzu beste proiekturik?



Bai, besteak beste, kontakizun laburren liburu baten dihardut lanean, eta hura argitaratzea izango litzateke momentuan dudan helburu hurbilena.



Aurrera begira beste istorio luzeago batzuen proiektuak darabilzkit gogoan, baina horiek itxaron egin beharko dute, oraingoz, behintzat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario