lunes, 28 de mayo de 2012

Oñatiko gazteak

Gazteek herrian eragiteko nahia azaldu dute


2012-05-28 13:03:30 Irati Goitia

Tantaz tanta olatua eratu nahi dute Oñatiko gazteek eta gizartean "hobetu beharreko" arloetan eragin. Hala, gazte guztiak batuko dituen taldea eratzen dabiltzala jakinarazi dute. Euren jarduera aurrera eramateko gaztelekua begiz jo dutela ere adierazi dute.



Martxoaren 24an Gazte Topaketak egin zituzten Oñatin; 80 gazte inguru batu ziren kezka sortzen zieten gaiez hausnartzeko helburuarekin. Egun hartan sortutako olatu mugimenduari eutsi egin behar zitzaiola adierazi zuten antolatzaileek orduan: "Jarraipena eman behar zaio honi, gazteok harremanak eta ekintzak egiteko gogoa eta ilusioa dugu-eta".



Gazteek taldea eratu dute



Bada, bi hilabeteren ostean, olatu mugimenduaren emaitzen berri eman dute orain. "Gabezi handiena gazteon arteko harreman faltan aurkitu genuen. Horregatik, gazte guztiok batuko gaituen talde bat sortzen gabiltza". Eta gaineratu dute: "Gure inguruan hobetu beharreko arloetan parte-hartzeko gogoz gaude, izan ere, gazteok gizarteko hain zati garrantzitsua izanik, herri hau koloreztatzeko orduan guk ere pintzela eskuetan dugula erakutsi nahi dugu". Dituzten helburuak betetzeko, herriko eragile ezberdinekin elkarlanean jarduteko asmoa azaldu dute.



Lokal bezala, gaztelekua



Euren jarduna aurrera eramateko lokal baten premia dutela ere adierazi dute: "Gaztelekua begiz jo dugu, azpiegitura zein kokapenari dagokionez, aproposa ikusten dugu-eta". Zehaztu dute gaztelekuaren kudeaketaren inguruan martxan dagoen eztabaida prozesuan parte-hartzen dabiltzala, "espazio zabal, anitz eta parte-hartzailea bilakatzeko".





Sortze fasean dagoen taldea dela argitu dute eta gazte guztien ekarpenak direla beharrezkoak . Hala, egubakoitzero 21:00etan gaztelekuan egiten duten asanbladan parte-hartzeko deia egin dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario