martes, 14 de enero de 2014

Jon Odriozola

 "Amateur mailan ziklisten prestakuntza da inportanteena; horren atzetik datoz emaitzak"

Mireia Bikuña 2014-01-14 00:00   Kirola  Oñati
Jon Odriozola (Oñati, 1970) amateur mailako Gipuzkoa txirrindulari taldeko kirol zuzendaria da. Hirugarren urtez egingo du lana oinarritzat Gipuzkoako ziklistak dituen taldearekin. 15ekin, hain zuzen. Batez ere, prestakuntzan oinarrituko du jarduna, baina errepideko lana ahaztu barik. 2015erako profesional mailako taldea sortzea da Odriozolaren helburu nagusia.
Jon Odriozola, etxeko lorategian.
Eki-Gipuzkoa izatetik Gipuzkoa izatera pasako den amateur mailako taldea izango da. Zer dela eta aldaketa?
Babesletza kontua da. Izena bakarrik aldatzen da. Taldearen oinarria ez da aldatzen.
Hortaz, gipuzkoarrez osatutako txirrindulari taldea izaten jarraituko du?
Bai. 15 txirrindulari ditugu: 13 gipuzkoarrak, bat nafarra eta bestea arabarra. Gipuzkoan sortutako taldea da eta Gipuzkoan lan egingo duena. Duela bi urte hasitako bidetik jarraituko dugu. Sendo lan eginda.
Gipuzkoa taldeko kirol zuzendari zaitugu. Zeintzuk dira zure lanak?
Betebehar asko ditut. Amateur mailako talde batek lan handia eskatzen du. Gu geu saiatzen gara txirrindulariei ahalik eta prestakuntza zabalena eta handiena ematen. Baliabideak eman behar dizkiegu, amateur mailatik haratago, euren bidea egiteko aukera izan dezaten.
Aurten, Tolosako Usabal kiroldegian lan egingo dugu mutikoekin. Xabier Muriel izango da prestatzaile fisikoa eta harekin zehaztuko dugu egutegia. Txirrindulari bakoitzari jarraipen zehatza egingo diogu: hitzaldiak, elikadura aholkuak, psikologoarekin lana, bizikleta gaineko posturak, aerodinamika...
Bestalde, txirrindulari nintzela Italian egindako urteetan ikasitako eta erabilitako testak ere egingo dizkiet, ziklista bakoitzak ze errendimendu eman duen baloratzeko.
Aurten, berrikuntza gisa, Australiako testa erabiliko dugu. Xabier Carbayeda hasiko da gurekin lanean.
Zertan datza test hori?
Aspaldi dihardu lanean Carbayedak test horrekin. Arrabolan (rodilloa) askotariko probak egiten dira, txirrindulari bakoitzaren muskulatura nolakoa den ikusteko. Test horrekin jakingo dugu norberaren muskulaturan zein atalek duen errendimendu txikiena. Hori horrela, alderdi hori indartzeko lan egingo dugu. Ziklistaren gorputza formatzeko beste bide bat da.
Lan hori egingo du Xabier Carbayedak. Era berean, Australiako Federazioarekin elkarlana hasi gurako genuke.
Errepideko lana bai, baina berebiziko garrantzia ematen diozue prestakuntzari. Ezinbestekoa da?
Amateur mailan bai. Esango nuke hori dela inportanteena. Noski, errepidean lortutako emaitzak inportanteak dira hazteko eta esperientzia hartzeko. Kontuan hartuta Gipuzkoako talde bat dela, guk asko baloratzen ditugu lortutako garaipenak eta bestelako emaitzak. Erreferentzia gara askorendako, eta hori oso inportantea da, baina formazio barik ez dago ezer.
Formazio egoki baten atzetik datoz emaitzak.
Etxeko txirrindulariekin, etxeko taldean lan egitea. Zer da hori zuretzat?
Amets bat bete ahal izatea. Behetik gora datorren proiektu bat da. Harrobiarekin lanean hasi, profesional mailako talde bat izatera heltzeko. Amateur maila profesionaletara salto egiteko azken urratsa da. Horra heldu gurako nuke.
Aberasgarria da orduan?
Zalantza barik, bai. UCI ProTour eta Continental mailetan zuzendari lanak egin izan ditut, baina amateur mailarekin geratzen naiz. Beste poztasun bat ematen du. Lan handia eskatzen du eta egindako lanak ez dauka oihartzun handirik hedabideetan, baina asko betetzen nau. Oso gustura nago. Gipuzkoako talde erreferentea gara, eta harro nago orain arte egindako lanarekin.
Etxeko taldea izateak badauka gabeziarik?
Futbol taldeen antzera, mugak zabalduz gero, maila handiko txirrindulariak lortzeko aukera izango genuke. Baina hau da gure oinarria eta helburua: etxeko txirrindulariak. Amateur mailan diharduten ziklistekin lan egiten jarraituko dugu. 
Gure oinarriak lehenetsiko ditugu.
Hurrengo urratsa profesional maila da, orduan.
Horrela da, eta hori da gure helburu nagusia. Profesional mailan euskal talde bat izateko, amateur mailan landutako taldea izan behar da aurretik. Hori lortu dugu. Aurtengoa hirugarren denboraldia izango da maila horretan. 
Denbora luzea daramat helburu hori lortzeko lanean, eta ea, bada, 2015ean lortzen dugun. Azken ahalegina egingo dugu.
Bitan kale egin dizu proiektuak. Hirugarrenean bai?
Hori da helburua, ametsa eta gogoa. Ez da erraza izango, baina euskal txirrindularitzak halako proiektu baten beharra dauka. Hori lortzeko dihardugu lanean, eta 2015ean izan behar du. 
Aurreko bietan proiektuak huts egin ostean, gogoa izan dut aurrera egiteko, baina 2015ean lortzen ez badut... Akaso, beste proiektu batzuei heltzeko ordua izango da. 
Amateur mailako taldearekin lan egiteko, beste proiektu batzuk alboratu behar izan ditut, eta horrek guztiorrek merezi izango du azken helburua betetzen badugu: profesional mailako txirrindulari taldea.
Gipuzkoa taldea lehiatzeko gai dela erakustea ezinbestekoa izango da helburua lortzeko bidean.
Bai. Emaitza onak inportanteak dira. Aurten ere Espainiako Kopa izango dugu oinarri. 2012an taldekako sailkapena irabazi genuen eta iaz bigarren geratu ginen, Caja Ruralen atzetik.
Hor erakutsi behar dugu euskal txirrindulariekin bakarrik talde erreferentea izateko gai garela.
15 txirrindulari dituzue, gehienak gipuzkoarrak eta banaka batzuk debagoiendarrak. Bateren bat aipatuko zenuke besteen gainetik?
Taldea azpimarratuko nuke. Egia da lasterketaren arabera txirrindulari bat edo beste bat izaten dela protagonista. Talde-lana eta taldeko giroa dira inportanteak, eta txirrindulariek badakite.
Dena den, ukaezina da badaudela txirrindulari batzuk etorkizun luzea izango dutenak: Jon Ander Intxausti, Urtzi Bagües, Iñaki Davoz, Alain Gonzalez, Julen Mitxelena...
Pistan aditua den Asier Maeztu ere taldekide duzue. Zein da haren lana?
Gurekin prestatzen du denboraldia, eta lasterketa batzuetan ere parte hartzen du gurekin. Baina haren lana gainerako ziklistei laguntzea da. Esperientzia handiko txirrindularia da, erlojuaren kontra eta pistan ondo dabilena, Kirolgiren beka jasotzen duena eta proba askotan parte hartu izan duena.
Gurekin batera probetan parte hartzen duenean, taldearendako egiten du lan: ihesaldietan, esprintak prestatzen...

No hay comentarios:

Publicar un comentario