lunes, 13 de abril de 2015

Euskal Herriko Itzuliko etapa, Movistar taldearekin

OK MAGAZINEA

2015-04-13 09:08:28
GARY BAÑOS OÑATIARRAREKIN PASA DUGU EGUN OSO BAT
Euskal Herriko Itzuliko etapa, Movistar taldearekin
Pasaden astelehenetik larunbata bitartean, Euskal Herriko txirrindulari itzuliak bere 55. edizioa osatu zuen. Bilbon hasi eta Aian amaitu zen lasterketako garailea, Katusha taldeko Joaquim Rodriguez kataluniarra izan da. OK Magazineak Itzulia egunero barrutik jarraitzeko aukera izan du. Eibar eta Aia arteko etapa esaterako, Movistar taldeko auto barruan egin genuen Gary Baños masailari oñatiarrarekin.

Aprilak 10 ostirala. Goizeko 8etan puntuan jo du iratzargailuak. Movistarreko talde guztia, ziklista, zuzendari eta laguntzaileak, Loiu Hotelean kontzentratu dira Euskal Herriko Itzuliak iraun duen sei egunetan. Ohea utzi eta lanean jartzeko ordua iritsi zaio Gary Baños oñatiarrari. Aste guztiko nekea gorputzetik kendu ezinda, hasi dute gauerarte luzatuko den lanegun luzea Movistar taldeko teknikoek.

8:15etarako jantokira jaitsi, gosaldu eta prentsa irakurriaz hasi dute eguna talde nafarreko arduradunek. «Eguneko momentu lasaiena izaten da gosaria» onartu digu Bañosek. Euskal Herriko Itzulian, errepidean izan dituzten ziklistez gain, 4 masailari, 2 mekanikari, mediku bat, 2 zuzendari eta Eusebio Unzue zuzendari nagusiak osatu dute munduko talde onenaren espedizioa.

9:00etan ziklisten gosari ordua iritsi da. Ordurako bada, teknikari guztiak lanean hasita zeuden dagoeneko. Zuzendariak lasterketa prestatzen, medikua aurreko eguneko datuak aztertzen, mekanikariak kotxeak eta bizikletak prestatzen...eta masailariak ziklisten hornidura puntuak gertatzen. «Hozkailuak eta edariak prestatu, ogitartekoak, gelak, barratxo energetikoak poltsetan sartu, kotxeetan joango den materiala kudeatu...horrelako gauzak eginez hasten dugu eguna» dio txantxikuarrak.

Gary eta Iriarte

Goizeko 11etarako dena prest zegoen. Txirrindulariak autobusean sartu eta Eibarrerako bidean jarri da Movistar taldeko espedizioa. Handik hasten baitzen eguneko etapa. Lasterketa hasteko ordu eta laurden faltan iritsi dira irteerara. «Azken ordubetean ziklisten esanetara egoten gara. Zerbaiten beharrean badaude lagundu eta bestela, autobus barruan talde bilerak izaten ditugu. Lehenengo ziklistek zuzendariekin eta ondoren, zuzendariek gurekin. Eguneko taktika gertazeko momentua izaten da».

Ziklistak masaje bidez nola berotzen dituzten ikusi ditugu. Azken 20 minutuetan, autobus gunetik sinadura kontrolera joan beharra izaten dute guztiek. «Hau izan da niretzat eguneko momenturik konplexuenetariko bat» dio Garyk. «Nairo Quintanaren ondoan egoteko ardura izan baitut. Mundu mailako izarra da kolonbiarra eta jende asko hurbiltzen zitzaion egunero. Autobusetik kontroleraino zituen metroak egiteko derrigorrez bere ondoan joan beharra izaten nuen, bestela ez baitzen sekula irteerara garaiz iritsiko».

Hornidura puntuak eta helmuga

Goizeko lanak osatuta, 13:00 aldera hasi dira ziklistak lanean eta ordurako OK Magazinea Movistar taldeko kotxe barruan sartu da Gary Baños eta Javier Iriarte Nafarrarekin. «Masailari izanagaitik egunean zehar beste hainbat lan egin beharra izaten dugu. Gaur adibidez, etapan zeharreko hornidura puntuak eta helmuga osatu beharra daukagu» dio Bañosek autoa gidatzen duen bitartean.

Lehen geldialdia, lasterketako 31,7 kilometroan. Itziar gainean, ziklistei ura emateko. «Badirudi lasterketako epaileek, 40 kilometrora arte ez duela hornidura zabalduko beraz animatzen galdituko gara» esan du Iriartek. Ondoren, 96,5 kilometroan, Anoetako herri sarreran hornidura likido eta solidoa emateko ordua iritsi da. Poltsa guztiak prest zituzten bi masailariek: «Ogitarteko txikiak, gelak, barratxo energetikoak...horrelakoak jaten dituzte ziklistek etapan zehar» onartu digu oñatiarrak poltsa barruan daramatena erakutsiz.

Anoetako hornidura puntua osatuta, bidean zegoen gasolindegi batetara jo dugu zuzenean. Izotza erosi beharra zegoela esan baitugu taldeko zuzendarietako batek. «Lasterketa amaitzen dutenean, autobus barruan izoztutako krioterazpiazko "praka" berezi batzuk ditugu. Ziklisten hankak errekuperatzeko izaten dira eta horiek hotz mantentzeko, da izotz hau» esan digu Iriartek. 10 kilo izotz kotxean sartuta, Aiako herriraino abiatu gara. Bertan, helmugara iritsi aurretik hainbat zeharkaldi egin beharra zuten ziklistek eta azken puntu honetan, berriz ere ura eman zaie guztiei.

Gary kotxean

Proba amaitzeko 6 kilometro faltan, autobusean motxila, jantzi, janari eta edariak hartu eta zuzenean korrika batean helmugara jo dute bi masailariek. «Ziklista guztien zain egon behar izaten dugu, errekuperatzen hasteko jatekoak eta edatekoak eman eta hotza badute jantziak eskainiz». Nairo Quintana lehertuta iritsi da helmugara eta eguneroko legez, arnasa errekuperatu gabe zegoela hurbildu zaio Gary jertsea jantzi eta ura eskaintzera.

Jantzia jartzeko denborarik gabe, dozenaerdi bat mikrofo eta kamera zituen gainean kolonbiarrak. Jendartean, kostata baina oñatiarrari helduta autobuseraino iritsi da Movistarreko talde burua. «Nairoren ondoan joatea bezain garrantzitsua da niretzat taldeko azken ziklistari helmugan itxarotea, hauek izaten baitira askotan gehien sufritu dutenak».

Egunaren amaiera

Ziklistek lau ordu pasatxo eman dituzte bizikleta gainean eta atsedena hartzeko ordua iritsi zaie. Autobusean dutxatu, aldatu, erropa berria jantzi eta etapan zehar izan dituzten gora-beherak elkarren artean partekatuz pasa dira hurrengo minutuak. Podiumeko sari banaketa guztiak amaituta, Loiura bidean jarri dira berriz guztiak.

Afal ordua iritsi bitartean, kotxeak txukundu, ziklisten erropak garbitu, lehortu eta txirrindulari guztien logeletatik pasatu dira Baños eta Iriarte. «Nik aste honetan Intxausti eta Herradarekin bereziki lana egin behar izan dut. Momentu hauetan eguneko nekea hanketatik askatzeko masajea ematen ari gara» azaldu digu txantxikuarrak. 

Ziklistak afalduta eta logeletan lasai atsedena hartuz daudela baliatuz, iluntzeko 22:00 aldera, erropa guztiak garbituta eta dutxa bat hartu ostean, afaltzera jaitsi dira taldeko zuzendari eta tekniko guztiak. «Afaldu, kafe bat eta ohera» esan digu Bañosek bihar beste etapa bat izango dute eta.

Goizeko 8etan abiatu den eguna, iluntzeko 00:30 pasatxoan amaitu da Gary Baños eta gainontzeko lankideentzat. Ziklistek duten meritua izugarria da baina txalotu dezagun azken hauen atzean, itzalean ari direnen lana. Txapela kentzekoa baita!

Gary Baños Nairo Quintana alboan duela. Argazkia: Alberto Brevers

No hay comentarios:

Publicar un comentario