domingo, 4 de noviembre de 2012

Kartoiarekin.

Kartoiarekin ere apaindu daiteke etxea


2012-11-04 00:00:00 Arritxu Barruso

Frantzian gero eta ohikoagoa da etxea kartoizko altzariekin apaintzea, eta joera hori Debagoienera eta Euskal Herrira zabaldu nahi du Sophie Mallet-ek. Bretainia eta Oñati artean bizi da duela sei urtetik; Oñatin daukan tailer txikian egin dugu hitzordua harekin, eta esku zabalik hartu gaitu.



Arotz baten tailerra izan zitekeen, baina noski, egurra beharrean kartoi xafla mordoa eta kaxa ugari topatu ditugu. "Kartoia askok uste duena baino gogorragoa da. Jendeari nik egindako altzarien gainean esertzeko esaten diodanean beldurrez esertzen da, baina berehala konturatzen da egurrezko altzariak bezain gogorrak direla. Gainera, amaieran berniz berezi bat ematen diet urak edo hezetasunak kalterik ez eragiteko; beraz, uretan bustitako trapu batekin garbi daitezke, arazo barik".


Sophie Mallet, kartoiarekin eginda dituen altzarietako batzuk erakusten.


Musikatik eskulanetara



Orain arte musikan ibili izan da, eta, besteak beste, El Bicho edo Los Delinqüentes taldeen managerra izan da. Orain, musikaren mundua eskulanengatik aldatu du. Herri Egunean erakutsi zituen lehenengo aldiz bere artelanak jendaurrean, eta erantzunarekin ezin poziago gelditu zen: "Izugarria izan zen. Oso gauza politak esan zizkidaten. Politena, beharbada, nire altzariek ipuinen mundukoak ziruditela".



Gau-mahai bat egiteak 20 ordu inguru ematen dizkio eta azaldu digu artisaugintzako objektu guztiekin bezala esklusibitatea ordaindu beharra dagoela: "Gau-mahaiak, esaterako, 80 euro inguru balio du. Oso altzari pertsonalizatuak dira, eta, nahi izanez gero, neurrira egiten ditut. Gazteei asko gustatzen zaizkie eta umeen logeletarako ere oso aproposak dira.



Ikastaroak egin nahian



Bere abilezia beste batzuei erakutsi nahi die orain, eta ikastaroak antolatzeko lau laguneko taldea osatu nahian dabil. www.ecolorea.eklablog.com wegunea ipini berri du martxan bere lanaren gaineko informazioa eskaintzeko.



No hay comentarios:

Publicar un comentario