martes, 11 de marzo de 2014

DESAGERTZEAR DEN BELAUNALDIA.Garai bateko baserritarrak

 

DESAGERTZEAR DEN BELAUNALDIA
Garai bateko baserritarrak

"Zenbat urte dituzu?". "76". "Eta hemen lanean!". "Ez, ni hemen deskantsatzen ari naiz". Goizeko seietan jaikitzen baita egunero Bixente Urzelai, 'Amiño' baserrikoa. Hantxe zegoen bakar-bakarrik atzo Oñatiko Arantzazun, albo batean, itzaletan. Gazta mordoa bat zuen saltzeko, banan-banan prezioa eskuz idatzi eta txintxetaz ipinita; baserriko-ogi ederrak ere bai; eztia ezin falta. Berarengana hurbildu ginen, noski, zalantza izpirik gabe.

1937. urtean jaiotakoa, garai gogorrak kargatu behar izan zituen bizka gainera. "Ez dut gerra garaia gogoan, baina entzuten ziren tiroak eta hortik", zioen Urzelaik. Artzai txakur abilak hezten omen ditu baserrian; sariak eta irabazitakoak, antza. Gerturatu bezain laster, gazta pintxo bana eman zigun: "Ez ditut salduko eta, zuentzat!".

Jada 14:00ak ziren eta ez zen jende askorik ikusten santutegian. Gehienak hanka eginak ziren txangoaren ostean, eta, gutxi batzuk bazkaltzeari ekin zioten jatetxeetako batean. Dozena bat ogi ekarri eta bueltan ere eraman beharko zituen Bixentek. Garaiak aldatzen ari dira. Krisia akaso. Baina ez genuen triste sumatzen.

Gu bai, ordea: bi gazta erosi, oparitutako beste pintxo bana jan eta bera agurtu ondoren konturatu baikinen desagertzear den belaunaldia dela honakoa; euren filosofia, bizitzeko modua eta nortasunak agur esango digulako asko jota bi hamarkadotan; amildegian behera doa gure ilobek soilik MACetan ikusiko duten mundua.


Aitor Azurki

No hay comentarios:

Publicar un comentario