martes, 17 de febrero de 2015

DUATLON.

2015-02-17 10:30:48
SPRINT DISTANTZIAKOA IZANGO DA AURTEN (MARTXOAK 14)
Zirkuito berria estreinatuko du aurten, Oñatiko duatloiak
Oñatiko duatloiak edizio berria izango du aurten. Ez dugu esango proba kolokan egon denik, baina azken ordurarte arazo ugari izan ditu antolakuntzak, lasterketa gauzatu ahal izateko. Zorionez baina, Martxoaren 14an ospatuko den XXIV. edizioak nobedade ugari dakartza. Nagusienak, distantzia eta zirkuitu aldaketa izango dira. Sprint distantzian lehiatuko da.

Nobedade ugarirekin dator aurtengo duatloia. Aurreko 23 edizioetan distantzia motzeko lasterketa izatetik, sprint distantziara pasako baita aurtengo edizioa. Trafikorekin izandako gora-beherek behartuta egin dira aldaketak eta distantzia murriztuta, zirkuituak ere, berriak izango dira.

Lehen sektorean, antolakuntzak markaturiko zirkuituari bi itzuli eman beharko diote korrika duatletek. Guztira 5 kilometro osatu beharko dituztelarik [ikus zirkuitua]. Aldaketa nagusienak agian, bizikletako bigarren sektorean ikusiko dira. Deskargako itzulia alde batetara utzi eta herriko mugetatik irten gabe, 20 kilometroko ibilbide ikusgarri bati aurre egin beharko diote parte-hartzaileek.

Herritik Zubillaga aldera joan eta itzuleran Lamiategitik buelta egin ostean iritsiko dira plazara. Hemen ere bi itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari [ikus zirkuitua]. Azkenik, bizikletak plazako trantsizio puntuan utzi, eta hasierako korrikako zirkuituari itzuli bakarra emanez, osatuko dute duatloia parte-hartzaileek.

Oñatiko Duatloia Eukal zirkuituko proba garrantzitsuenetariko bat da. Historian izan dituen partehartzaileen mailarengatik eta bereziki, duen antzinatasunagaitik -Euskal zirkuituko bigarren zaharrena-. Aurtengoa osatuta, zilarrezko ezteien ateetan jarriko da Oñatiko Duatloia eta horrek, berme handia ematen dio probari.

Aldaketak trafiko arautegian

Egoera ekonomiko konplexura ondo egokitzen jakin dute antolatzaileek azken urteetan eta kalitatea mantenduz, proba oso indartsuak antolatu dituzte Oñati Triatloi taldeko lagunek. Hala ere, azken bi denboraldietan beste arazo bat topatu dute bidean; trafikoko arautegi gogorra.

Krisi egoeraren ondorioz azken bi urteetan trafikoko arautegiak ez du onartzen probintzia berean era bereko kirol proba bat baino gehiago egitea eguneko, eta horrek, asko zaildu du antolatzaileen lana.

Martxoaren 14an txirrindulari lasterketa bat dago Lizartzan (Gipuzkoa) eta horren ondorioz, antolatzaileek ezinbestean, aurtengoa Oñatiko udalerri barruan egitea erabaki dute. Hori izan da zirkuito aldaketaren arrazoi nagusia. Hala ere, antolatzaileek adierazi dutenez oso pozik daude arazoari eman dioten irtenbidearekin: «Badakigu lehengoa oso zirkuitu errotua eta gogokoa zela duatletentzat, baina irtenbide hau hartu edo duatloi gabe gelditzea ziren genituen bi aukerak».

Izen ematea zabalik

Izen ematea dagoeneko zabalik dagoela jakinarazi dute antolatzaileek. Txip horiaren jabe diren federatuek 25€, txip horirik gabekoak 27€ eta ez federatuek 37€ ordaindu beharko dituzte proban parte hartu ahal izateko. Izen ematea martxoaren 13 eguerdian (12:00) itxiko da federatuentzat eta ez federatuek berriz, martxoaren 11 arteko egunak izango dituzte inskripzioa gauzatzeko.

Amaitzeko aipatu, Oñati Triatloi taldeak webgune berria estreinatu duela. Bertan proba eta inskripzioari buruzko hainbat datu interesgarri topatu daitezke.

Nobedade ugarirekin dator aurtengo duatloia. Argazkia: Goiena

No hay comentarios:

Publicar un comentario