lunes, 30 de noviembre de 2009
«Iraultza txiki bat behar nuela uste dut»
Markel Irizar. Txirrindularia
Euskaltel-Euskadin sei denboraldi egin ondoren, RadioShack Lance Armstrongen taldearekin bi urterako fitxatu du oñatiarrak. Aldaketak beste ilusio bat, beste gogo bat piztu dio, eta lanerako doala jakin arren, sortzen diren aukerak baliatzen saiatuko da.
«Iraultza txiki bat behar nuela uste dut»
Igor Susaeta. Arrasate
Lanpetuta dabil Markel Irizar (Oñati, Gipuzkoa, 1980), etxea behar bezala eta mimoz atontzen ari baita. Oraindik ia dena hankaz gora egon arren, itxura ona dauka, eta oñatiarraren bi adiskide lasai ederrean ari dira bazkaltzen. «Presarik gabe gabiltza. Gainera, bigarren haurraren esperoan dago Alaitz [emaztea]». Horrek ere, hain zuzen, eragina izan du RadioShack munduko talde indartsuenetako batekin fitxatzeko orduan. «Bi urterako kontratuak lasaitasuna ematen dizu, eta nik egonkortasuna lortu nahi nuen». Armstrongek bezala minbizia gainditu zuelako fitxatu dutela uste dutenak badira, baina Irizarrek hordagoa bota die horiei: «Hemendik bi urtera egingo dugu balantzea». Ez du ahaztu barrabiletako minbiziagatik zer pasatu zuen, eta ez du nahi, gainera: «Haimar Zubeldia, haren anaia eta ni, besteak beste, Aspanovak Gipuzkoa elkartearekin ari gara elkarlanean, minbizia duten haurrei laguntzeko ahaleginean. Abenduaren 20an festa handi bat egingo dugu Zarautzen».
Txirrindularitza ez dago bere onenean, baina zuk bi urterako kontratua sinatu duzu RadioShacken. Zorte handia izan duzula uste al duzu?
Gertatu zaidana txirrindularitzak eman didan opari baten modukoa da. Egia esan, daukadana estimatzen dut orain. Badakit, beste txirrindulari asko nola dauden ikusita, handia dela RadioShackekin bi urterako kontratua sinatzea. Eman didaten aukera bete-betean gozatzen ari naiz.
Une oro?
Bai, bai. Jaikitzen naizenean argi daukat fitxaketak zer esan nahi duen niretzat. Esaera batek zera dio: «Falta zaigun arte, ez diogu baliorik ematen eskuen artean daukagunari».
Nola gauzatu zen fitxaketa? Noiz?
Entzuna neukan aukera izan nezakeela. Banekien nire izena hor zegoela, beste askoren artean. Baina nik ez daukat ordezkaririk, ze, azken finean, Euskaltel-Euskadin egon naiz beti, ez naiz mugitu, eta eskaintzen zidatena hartzen nuen. Bi lagun dauzkat RadioShacken, Haimar Zubeldia eta Kepa Zelaia medikua, eta banekien Johan Bruyneel nire egoerarekin interesatuta zegoela. Johan [Bruyneel] bera nirekin harremanetan jarri zen Espainiako Vueltako bigarren atseden egunean, Almerian, eta eskaintza bat egin zidan. Zer gura nuen bota nion, eta kopuru horren trukean bi urterako kontratua emango zidala erantzun berak. Niretzat garrantzitsua zen bi urterako kontratua sinatzea. Euskaltelek, ordea, ezin zizkidan bi urte eskaini. Gainera, kirol irizpideak kontuan hartuta, aldaketa hoberako izango dela uste dut.
Beldurraren antzeko zerbait barneratu al zitzaizun gorputzean Bruyneelek deitu zizunean?
Bai, bai, izan daiteke beldurra... Eskaintza egin zutenean argi neukan onartu egingo nuela. Kirol ikuspegi soila kontuan hartuta, iruditzen zitzaidan aldaketa bat behar nuela. Hori, batetik. Eta, bestetik, Euskaltelen, aurreneko bi urteetan izan ezik -hasieran derrigorrezkoa da bi urterako sinatzea-, urtetik urtera berritu dut kontratua, eta, ez dakit, iruditzen zaizu proba moduan zaudela beti. Bigarren haurraren zain gaude emaztea eta biok, eta lasaitasuna, egonkortasun apur bat lortu nahi dut. Oso pozik nengoen, baina, egia esan, Euskaltelekoei esatea asko kostatu zitzaidan. Oso une txarrak pasatu nituen eskaintza egin zidaten egunean bertan. Lotura handia neukan taldearekin.
Joango al zinateke RadioShackera Haimar Zubeldia taldean egongo ez balitz?
Bai, bai [ziur]. Nik sinatu nuenean Haimarrena oraindik ere airean zegoen. Jende askok uste du Haimarren eskutik joan naizela RadioShackera, baina tira... Bertan beste lagun min bat daukat: Kepa Zelaia. Asko lagundu zidan minbizia eduki nuenean. Bruyneelek nitaz galdetu zienean, antza denez ondo hitz egin zioten. Halere, taldean ezagunik ez egonda ere, joango nintzatekeen. Beste esperientzia bat da.
29 urte dauzkazu. Euskaltelen ez atzera ez aurrera zenbiltzala pentsatzen al duzu? Eman duzun baino gehiago eman al zenezakeen?
Bai, sentitu izan dut halako zerbait. Batzuetan, uste dut ez dudala neure buruarengan konfiantza askorik eduki. Aurten, aldiz, konplexu hori alde batera utzi dut neurri batean, eta konturatzen nintzen banuela lasterketa jakin batzuetan egoteko maila, baina gero ez nintzen proba horietara joaten. Orduan, gauza batek bestea dakar, ezta? Uste dut iraultza txiki bat behar nuela. Gainera, galdutako konfiantza berreskuratzen joan naiz, eta ikusten nuen nigan ez zutela konfiantza hori [Euskalteleko arduradunek]. Denboraldi honetan aurrerapausoa eman dudala uste dut, hobera egin dudala.
Taldez aldatuta, erosotasun apur bat galduko duzu, beharbada. Horrek gogorragoa egingo al zaitu?
Baietz uste dut. Aldaketak, gainera, beste ilusio bat piztu dit, beste gogo bat. Hutsetik hasiko naiz. Zure lekua topatu nahi duzu, zergatik fitxatu zaituzten aldarrikatu, eta horrek ikuspegia aldatzen dizu. Bestela, zazpigarren aldiz jarraian Derion [Bizkaia] egonaldia egitea monotonoa litzateke... Orain, aldiz, Tucsonera noa [Arizona, AEB], basamortura, eta ez dakit zer topatuko dudan, zer egin behar dugun... Aldaketak onak direla uste dut.
Zer-nolako egutegia beteko duzu? Zer uste duzu?
Pentsatzen dut, batik bat, harbideko klasikoak-eta egingo ditudala. Ez dugu hitz egin, baina hori uste dut.
Zu gustura egutegi horrekin?
Niri Tourrean aritzea gustatuko litzaidake, baina Euskaltelekin ez dut lortu. RadioShackekin sartzen baldin banaiz, akabo! [barrez]. Harbideko klasikoak talde honekin korritzeak asko motibatzen nau. Gert Steegmans izango litzateke gure taldeburua. Taldea AEBetakoa da, baina, nire ustez, belgikarra da gehiago. Bai, egitura ekonomikoa AEBetan dago, baina logistikoa Belgikan. Hango pentsaera dauka taldeak gauza askotan.
Han, Belgikan, gustura ibiltzen zara harbideko lasterketetan. Euskal txirrindulari arraroa zara zeu ere...
Bai, baietz esan daiteke. Gero, han zaude irteeran, eta pentsatzen duzu: «Nora kristo etorri naiz!». Baina gozamena da. Orain, uste dut klasiko horiek Belgikakoen pentsaera horrekin korrituko ditudala. Lanera joango naiz, baina taldean irabazteko lehian ibiliko den txirrindulari bat daukazula jakitea polita da.
Oraindik ere ez duzu garaipenik lortu. Aleren baten falta sumatzen duzu zure ibilbidean, edo badakizu zein den zure lana?
Sumatzen dut garaipenen baten falta. Egia esan, ez naiz askotan egon garaipenen lehian... Halere, aipatu dudan pentsaera aldaketa hortik dator. Badakit RadioShacken lan egitea tokatuko zaidala; oso argi daukat. Baina argi daukat, aldi berean, oilar indartsuenak joaten ez diren lasterketetan aukerak edukiko ditugula. Ez dakit non, noiz edo nola, baina helduko da garaipen hori.
30 urte beteko dituzu otsailean. Txirrindulari gisa zure onenean zaudela uste duzu?
Baietz uste dut. Aurten taldean lasterketa gehien neuk korritu dudala uste dut. Urteko lehen lau itzulietan posturik txarrena 18.a izan zen; hamaika ihesalditan sartu nintzen; mendiko sailkapena irabazi nuen Tour Down Underren... Zerbait falta izan zait aurrerago ibiltzeko, baina pausotxo hori eman dezakedala uste dut.
Ez daukazu garaipenik, eta horien lehian gutxitan ibili zara. Hortaz, zergatik fitxatu zaitu RadioShackek?
Azkenean lan egiteko prest dauden txirrindulariak behar dira. Beraz, ez dakit... Ordekan lan egiteko eskarmentua duen txirrindulari bat gura baduzu, eta kopuru izugarri bat ordaindu nahi ez badiozu, ba, azkenean, norbait bilatu behar duzu. Askotan, gainera, ez da kirol ikuspegia bakarrik kontuan hartzen. Izaera ere asko hartzen da kontuan.
Lance Armstrongek bezala minbizia gainditu izanak eraginik eduki al du fitxaketan?
Batzuen ustez, horregatik soilik joan naiz RadioShackera. Baina, tira, batek esan izan dit horregatik izan balitz fundaziorako fitxatuko ninduela, eskumuturrekoak saltzeko, ez pedalei eragiteko. Kasualitatea da, baina Tour Down Underren berarekin [Armstrongekin] hizketan egon nintzen, eta mendiko sailkapena irabazi nuen. Ihesaldi batean Stuart O'Gradyk, David Moncoutiek, Luis Leon Sanchezek, Michael Rogersek, nik eta Armstrongek berak alde egin genuen aldapa gora. Beraz, igual zera pentsatuko zuen Armstrongek: «Joño, nik pentsatzen nuen baino gehiago zabilek morroi hau» Minbiziarenak lagundu didala? Kalte ez dit egin, baina Euskaltelek ez dauka harremanik minbiziarekin, eta kontratua berritu izan banu, zazpigarren urtea egingo nuen bertan. Badakit, kontu hori hor dago. Hemendik bi urtera aterako ditugu ondorioak, ea horregatik fitxatu nauten.
Haimarrek zer esaten dizu taldeari buruz?
Ohituta nagoenaren aldean txirrindularitza ezberdin batekin topo egingo dudala. Hori esan dit aurrena. Euskaltelek, adibidez, pentsamolde bat dauka; lan egiteko era jakin bat: txirrindularien gainean egon behar dela, bestela erlaxatu egiten direla. RadioShackena, berriz, guztiz kontrakoa dela esan didate. Txirrindularitza oso-oso profesionala dela uste dute, eta baliabide guztiak ematen zaizkio txirrindulariari eskura, gustura egon dadin, ahalik eta errendimendu onena eman dezan. Hamasei herrialdetako txirrindulariak dauzka taldeak, eta, hortaz, ikusmolde irekia. Haimarrek esaten dit ez zuela uste kirol ibilbidearen azken urteetan hainbeste gozatuko zuenik. Diziplina beste era batera aplikatzen da. Dena den, lan egiteko modu guztiak dira errespetagarriak.
http://paperekoa.berria.info/kirola/2009-11-29/028/004/ÇIraultza_txiki_bat_behar_nuela_uste_dutÈ._Euskaltel-Euskadin_sei_denboraldi_egin_ondoren_RadioShack_Lance_Armstrongen_taldearekin_bi_urterako_fitxatu_du_o–atiarrak._Aldaketak_beste_ilusio_bat_beste_gogo_bat_piztu_dio_eta_lanerako_doala_jakin_arren_sortzen_diren_aukerak_baliatzen_saiatuko_da._Markel_Irizar._Txirrindularia.htm
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario