viernes, 18 de junio de 2010

Kultur aniztasun festak Oñati girotuko du hilaren 26an

Haurrentzako tailerrak, musika eta herrialde desberdinetako jakiak eskainiko ditu jaiak





Kultur aniztasun festak Oñati hartuko du datorren 26an. Herri eskolako gurasoek antolatutako jaiak "munduko kultura desberdinak ezagutu eta ulertzeaz gain, horien arteko harremanak sustatzeko bidean urrats bat ematea du helburutzat".
Egitaraua 18.00etan hasiko da Herriko plazan. Bertan, hainbat tailerrekin gozatzeko aukera izango dute etxeko txikienek, Amaru taldeko kideen gidaritzapean. Giroa pizteaz Marmara Marching Band arduratuko da. Zortzi musikariz osatutako talde honek -New Orleans aldera jotzen dute bere musika lantzeko orduan- jazz tradizionalaren oinarritutako emanaldia taularatuko du herriko kaleetan zehar.
Honekin batera, munduko hainbat herrialdeetako jakiak dastatu ahal izango dira, Brasil, Senegal, Paraguay eta Errumaniako gastronomia, hain zuzen ere. Saharako errefuxiatu taldeekin elkarlanean aritzen den Arrasateko Nubi elkarteak ere bat egingo du festarekin. Azken honek Tindoufeko kanpalekuetan bizi den egoera azalduko du jendeaurrean, tea prestatzen duen bitartean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario