miércoles, 7 de noviembre de 2012

Aloña Mendi Espeleologia Taldekoek ......................

Duela 4.000 urteko giza hezurrak izan daitezkeenak aurkitu dituzte Oñatin


2012-11-07 08:52:44 Eneko Azkarate

Aloña Mendi Espeleologia Taldekoek koba baten lanean ari zirela ezustekoa izan zuten joan zen astean. Eneolitiko edota Brontze Aroko gizaki batenak izan daitezkeen hezurrak aurkitu zituzten. Aloña Mendi Espeleologia taldeko kideek, arkeologoen eskuetan utzi dituzte, hauek egin beharreko ikerketak eta analisiak egiteko.
Aloña Mendiko espeleologo bat joan zen astean aurkitutako giza hezur batekin.



"Seguruen, aurkitutako hezurrak antzinako ehorzketa batekoak izan daitezke" adierazi dute Aloña Mendi Espeleologia Taldekoek.



Horrelaxe kontatu dute aurkikuntzaren unea Aloña Mendikoek: "Kobaren jarraipen posible bakarra galeria estu batetik zen, baina ezin zen sartu, galeria sedimentuekin butxatuta zegoelako".



Hala, sedimentuen eta sabaiaren artean zegoen tarte txikitik (5 cm) udan aire korronte txiki bat sumatu zuten Aloña Mendikoek. Hortaz, kobak jarraipena izateko aukera bazuen. Horregatik, joan zen astean bueltatu ziren, ea sedimentua kenduta, sartzerik bazegoen.



Ordu bi buztina kentzen

Bi ordu pasatxo jardun zuten area eta buztina kentzen, baina ez zuten jarraipenik ikusi. Gainera, galeria barrutik sedimentua ateratzeko ontzirik gabe ia ezinezkoa zen aurrera egitea. Hurrengo egunean, beste ekinaldi bat egitea erabaki zuten eta ez bazuten ezer lortzen bertan behera utziko zuten.



Ontzia eta sokarekin sedimentua ateratzea errazagoa izan zen hurrengo egunean. Metro batzuk aurreratu zuten eta halako batean galeria zabaldu zen, etzanda buelta emateko adina behintzat.



Beste bi estugune igaro eta gero, koba bukatu zen. Galeria zabaldu zuten bitartean, tarteka giza hezurrak agertu ziren. Lotura anatomiko barik, sakabanatuta eta sakonera desberdinetan. Hezur batzuk ia lurrazalean; beste batzuk, berriz, 20 edo 40 cm lur azpian.



Antzinako ehorzketa bateko hezurrak

Aloña Mendi Espeleologia Taldeko Santi Ugartek dioenez, "seguruen, aurkitutako hezurrak antzinako ehorzketa batekoak izan daitezke, mota honetako hobiratzeak Eneolitikoan eta Brontze Aroan ematen ziren-eta. Hortaz, hezurrak, orain dela 3.000 edo 4.000 urtekoak izan daitezke".



Arkeologoen eskuetan

Aloña Mendi Taldekoek, hezurrak zeuden leku estua eta iristeko zaila kontuan izanda, hezurrak bertatik ateratzea erabaki zuten. Gero, arkeologoen eskuetan utzi dituzte, hauek egin beharreko ikerketak eta analisiak egiteko.



No hay comentarios:

Publicar un comentario