viernes, 27 de agosto de 2010

Markel Irizar: "Ahal dudana egingo dut gaur, baina garrantzitsuena eginda dago"

Markel Irizarrek Frantziako mendebaldean korritzen duten Poitou Charentesko itzulian lortu du palmaresa estreinatzea, kirol bizitzako lehenengo garaipena erdietsita. Hain zuzen, itzuliko laugarren etapan lortu du azkarrena izatea, 22 kilometrotako erlojupekoan. Baina lanak ez dira amaitu, gaur, egubakoitza, liderraren maillota defendatu beharko du-eta; atzoko etapa irabazita, eskura du itzulia ere irabaztea.

"Ahal dudana egingo dut gaur, baina garrantzitsuena eginda dago". Halaxe erantzun du gaur, egubakoitza, Markel Irizarrek, atzoko garaipenaren zapore gozoa ahotik kendu ezinda, seguru. Mezu dezente erantzungo zituen atzo, zorionekoak denak, eta baita gaurko etaparako animoak jaso ere.

Izan ere, Poitou Charentesko itzulian egin beharrekoak ez dira amaitu. Gaur, egubakoitza, korrituko dute azken etapa, eta Irizarri liderraren mailota defendatzea egokituko zaio: "Gogorra izango da, baina horretan ahaleginduko gara", adierazi zuen atzo etapa amaitu berritan. Martin Elmiger txirrindulariak Oñatikoaren denbora bera du sailkapen orokorrean: "Elminger azkarra da, eta esprint asko izango dira bonifikazioak hartzeko; zaila izango da, baina ez ezinezkoa".

Sasoiko dago, Vueltarako prestatzen ibili eta gero

Abuztua hasieran Tour L' Aingo itzulian Oñatikoak bazekien gorputzaldi onean zegoela. Espainiako Itzulia ondo prestatzea zuen gogoan, eta antolatzaileek Radioshack taldea itzulitik kanpora utzi izanak hankaz gora jarri zituen asmo guztiak. Hala, gorputzaldi ona aprobetxatu nahian hara eta hona ibili dira lasterketak korritzen, eta diogun moduan, Tour L' Aingo erlojupekoa begiz jota zuen Radioshaceko mutilak. Berotzen ari zela, arazo mekaniko bat tarteko lurrera joan zen Irizar, eta ezin izan zuen erlojuaren kontrako saioa nahi moduan egin; Orduan Haimar Zubeldia taldekidearendako izan zen etapa –eta itzulia–.


Azkenean gola

Oñatikoak behin baino gehiagotan adierazi du, argot futbolistikoa erabilita, behin baino gehiagotan jo duela langan, eta bazela gola egiteko ordua. Gol aukera garbiena 2009ko Paris-Niza probako atarikoan izan zuen. Irizarrek denbora oso ona egin eta lehenengo postuan egon zen denbora luzez, eta azken orduan Thor Hushovd-ek kendu zion garaipena. Azkenean, baina, egin du amestutako gola: "Podiumean hunkituta egon naiz; izan nuen lehenengo entrenatzailea etorri zait gogora, familia, lagunak... eta talde honetan lekua egin didaten Johan Bruyneel eta Lance Armstrong. Hau egindako lan gogorraren saria da".

No hay comentarios:

Publicar un comentario