Ainhoa Artetak Arantzazu bete zuen
Abu. 27, 2013, 3:57 p.m. Imanol Gallego
Tolosarraren ahots leunak santutegiko hormak janztea lortu zituen. Piano soil baten laguntzarekin entzuleak bereganatu eta atmosfera berezi bat sortzea lortu zuen Ainhoa Artetak.
Kontzertua hasi baino bi ordu lehenago iritsi ziren lehen entzuleak. Musika hamabostaldiak kontzertu ugari antolatu arren, Arantzazukoa berezia da. Tokiak xarma berezia dauka eta antolatzaileen esanetan "1.000 pertsona baino gehiago batu ziren errezitaldian".
Santutegiak, euskararekin egin zuen moduan, Artetaren ahotsaren gordailua izan zen. Lehen lerrotik azken lerro arte emozioa ikusi eta entzun egiten zen eta Patxi Azpiriren pianoak emanaldia borobildu besterik ez zuten egin. Nota bakoitzak soprano tolosarraren ahots leuna janzteko balio izan zuten.
Emanaldi hasieran Schumann eta Strauss konpositore klasikoen partitura ezagunenak eskaini ostean espainiar musikarietara egin zuten salto. Albeniz eta Granados gertukoagoak dira eta emanaldiari beste ukitu bat eman zioten. Hala ere, errezitaleko perlak bis edo propinetan entzun ziren. Une horretan artista eta entzuleen artean sortutako lotura agerian geratu zen. Oh Mio Babbino Caro edo Ume eder bat abestiek jendea zutik jarri zuten.
Atzokoa galdu zutenek bigarren aukera bat izango dute. Sopranoa Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin bat eginik jardungo da abuztuaren 30ean, iluntzeko 20:00ean Kursaal Auditorioan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario