Euskal zaldi txikia balioesteko: Bizi Pottoka!
Abu. 12, 2013, 3:49 p.m. Ubane Madera
Pottokaren basa-bizitza ezagutu, gizakia eta zaldiaren arteko laguntasuna lehen pertsonan bizi, bertan egindako aperitiboa jan, (Idiazabalgo gazta eta Getariako Txakolina) eta oro har, goiz-pasa ederra proposatzen dute Arantzazuko Parketxeak eta Pottokalekuak. Apuntatu agendan hitzordua: irailaren 7an, 10:30ean, Arantzazuko Parketxean. Prezioa da hamar euro pertsonako.
Zuazola Larraña institutuko ikasleak Oñatiko Pottoka-lekun ariketa bat egiten. |
Asko jota 20 lagunek parte hartu ahalko dute ekimenean, "parte-hartzaileei eskainiko zaien kalitate eta zerbitzu ona ahalbidetzeko eta bestetik Pottokalekuko zaldi-taldeari inongo eragin negatiborik ez sortzeko", antolatzaileen esanetan.
Desagertzeko zorian
Izan ere, ekimenaren helburua orokorra da pottoken inguruko ikuspegi ezberdinak eskaintzea.
Arrazoiak, berriz, ugariak: pottoka desagertzeko arriskuan dauden espezieen zerrendan dagoela; hemengo Pottokalekua delako pottokak arraza moduan bizirauteko proiektua lantzen diharduenetako bat; hain justu ere, Europako zaharrena kontsideratzen den zaldi espezie horren inguruko jakitura eta beraiekin erlazioa sustatzen duen proiektua da Pottokaleku; pottoka delako antzinako espeziea, gure euskal zaldi txikia; eta besteak beste, beste animalia batzuk bezala, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren paisaiaren sorreran garrantzi handiko protagonistak izan direlako pottokak.
Egunaren ildoak
Hala, hori guztia oinarri, egingo dutena zera da: Parke Naturaleko Interpretazio zentroan jardunaldia aurkeztu eta bideo baten eskutik pottoka taldearen basa-bizitza ezagutzeko aukera eman. Ondoren, taldea Parketxetik Pottokalekura mugituko da, bertan, partaideek lehenengo pertsonan bizi ahal izango dute gizakia eta zaldiaren antzinako laguntasuna, askatasunean ematen den errespetu erlazioa. Jardunaldia amaitzeko Gomiztegiren eta Murgialdai baserriaren eskutik aperitibo bat disfrutatzeko aukera izango da, Oñatiko herrian produzitutako Idiazabal gazta eta Getariko Txakolina hain zuzen.
Egun-pasa hori egiten duten hirugarren aldia izango da irailekoa. Uztailaren 24an eta 31n egin zituzten beste halako bi.
Arantzazuko Parketxearekin eta Pottokalekurekin batera, Gipuzkoako Parketxe Sareak, Gomiztegi Kooperatibak eta Murgialdai famili enpresak ere parte hartu dute ekimen honen antolaketan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario