"Taldea da nire lehentasuna"
Abu. 24, 2013, 10:30 a.m. Imanol Gallego
Gaur hasiko da Vilanova de Arousan Espainiako Vuelta eta Debagoienak bi ordezkari izango ditu. Markel Irizar eta Iban Velasco, hurrenez hurren Radioshack Leopard Trek taldean eta Caja Rural taldeetan lehiatuko dira.
Aurtengoa denboraldi lasaia izan da Markel Irizarrentzat. " Egia da hiru urteko kontratuak lasaitasuna ematen dizula, baina aldi berean, kofiantza horrek gogorrago saiatzera bultzatzen zaitu". Radioshack taldean, hurrengo urtetik aurrera Leopard Trek, eroso sentitzen da Irizar eta talde indartsuenen artean aurkitu ez arren aukeren bila irtengo dira bihartik aurrera "Movistar edo Astanak talde hobea dute, baina gurea oso talde osoa da eta sorpresaren bat emateko asmoa dugu".
Irizar lehiatu den beste talde batzuetan lider argiago bat zegoen, baina Radioshacken, ez da buru hori horren argi ikusten, "Vueltan Chris Horner izango da burua, hala ere, Haimar eta Cancellara ere hor egongo dira". Bere burua faboritoen artean ikusi ez arren, argi dauka aukera izan ezkero, aprobetxatu egingo duela. "Vuelta ez da lasterketa erraz bat, eta ni talderi laguntzeko nago".
Euskaltel desegin izana "gogorra izan da"
"Niretzat kolpe handia izan da" dio Irizarrek. Profesional bezala, bere hasierako pedalkadak bertan eman zituen "berria jakitean oroitzapen asko izateaz gain lagunez ere gogoratu nintzen". Irizarren ustez, talde honen desagertzeak maila profesionalean ez ezik euskal ziklismo guztian eragingo du.
Markel Irizar baina, ez da Vueltan lehiatuko den debagoiendar bakarra izango. Antolakuntzak Caja Rural talde nafarra Vueltan parte hartzera gonbidatu duenez, Iban Velasco ere ikusiko dugu bizikleta gainean.
Caja Rural ez da faboritoen artean egongo baina Burgosko itzulian lan polita egin ostean indartsu eta protagonisten artean egoteko asmoarekin iritsiko dira Vueltara. Horretarako, besteak beste, Granadan prestatu dute urteko azken lasterketa handi hau.
No hay comentarios:
Publicar un comentario