2012-01-24 00:00:00 Amaia Txintxurreta
Ikusi Makusi antzerki taldeko kidea da eta hainbat casting ere egin ditu. Horrez gain, informatika eta pinturako ikastaroetara ere joaten da; ez da etxean gelditzekoa.
Ana Mari Liziaga oñatiarra saltsa ugaritako perrexila da. San Juan kalean jaio zen eta gaur egun Roke Azkunen bizi da. Hala ere, ez da etxean geldirik egoten den horietakoa; agenda bete-betea dauka Liziagak. Ikusi Makusi antzerki taldeko kidea da; izan ere, txikitatik gustatu izan zaio antzeztea, eta orain, gustura ibiltzen da bertako lagun koadrilarekin hara eta hona giro ederrean. Hainbat casting-etan parte hartu du eta film labur baten aktore lanak ere egin zituen. Horrez gain, informatikako eta pinturako ikastaroak ere jasotzen ditu; beraz, teknologia berriak eta antzinatik egiten den pintura ere uztartzen ditu. Hori guztia gutxi balitz, lagunekin elkartu eta kafetxo bat hartuaz berriketan egiteko denbora ere hartzen du Liziagak. Arratsaldeko kafetxoaren aurretik egin dugu harekin hitzordua Oñatiko kultura etxean.
Ikusi Makusi antzerki taldeko kidea zara. Hasieratik zaude bertan?
Bai; taldea 2005ean sortu genuen zazpi emakumek, eta sorreratik nago bertan. Gaur egun hamaika lagunek osatzen dugu taldea. Txikitatik daukat antzerkirako zaletasuna; eskolako garaitik eta orain pozik ibiltzen naiz taula gainean beste pertsonaia batzuei bizia emanez.
Antzerkian, zerk erakartzen zaitu horrenbeste?
Taldean oso ondo konpontzen gara, eta, niretako denbora-pasa izan arren, lan handia egin behar izaten dugu. Daukagun adinerako entsegu ugari egiten ditugu, gainera. Baina oso gustura nabil, baita nire lagunak ere. Beraz, ahal den bitartean, behintzat, hortxe segituko dut. Oñatin egingo dugun hurrengo emanaldia martxoaren 3an izango da eta lan hau eskainiko dugu: Con vecinos como estos, líbranos señor.
Casting-en batzuk ere egin dituzu, ezta? Konta iezaguzu.
Bai; hiru lagun egon ginen casting batean Donostian, baina euskara batuan antzeztea guretako nahiko zaila da. Bestelako proba batzuk ere gin ditut, eta beste esperientzia bat izan da.
Film labur baten aktore moduan ere parte hartu zenuen, ezta?
Oñatin joan zen urtean egin zen film laburren rallyan egin nituen aktore lanak parte hartu zuten taldekide batzuekin. Gazteek deitu zidaten parte hartzeko eskatuaz, eta, ni horrelako saltsetarako gertu egoten naizenez, animatu egin nintzen. Hirugarren saria lortu genuen, gainera.
Antzerkiaz aparte, informatika apur bat ere ikasi duzu.
Bai, hori ere gustatzen zait. Pake Lekutik, gainera, ikastaroak jartzen dituzte eta niretako bezain beste ikasi dut. Ez dakit askorik, baina moldatzen naiz. Ameriketako lehengusina batekin Messenger bitartez hitz egiten dut, Facebook sare sozialean ere ibiltzen naiz, albisteak irakurtzeko ere erabiltzen dut Internet, eta antzerkiko dokumentuak gordetzeko ordenagailua erabiltzen ere ikasi dut.
Pintura ere bada zure zaletasunetako bat.
Bai, hala da. Lehen, olio erara margotzen nuen, eta orain, pintura artistikoa egiten dut denbora-pasa moduan. Etxean egon beharrean, astean ordu pare batean ikastaro horietara joaten naiz. Horrela, jende berria ere ezagutzen dut.
Pinturaz gain, eskulanetan ere fina zara.
Gortinak egin izan ditut, besteak beste, eta egin dudan azken eskulana zapatila batzuk izan dira.
Arantzazu aldean mojekin ere lanean ibilitakoa zara, Ana Mari.
Arantzazun lau mojarekin sukaldari laguntzaile ibili nintzen garai batean, bai. Zazpi urte egin nituen tarteka eurei sukaldean laguntzen, eta, beraz, hori ere egin dut bizitzan.
Ez zara, beraz, etxean egoten den horietakoa. Saltsa guztietan zaude!
No hay comentarios:
Publicar un comentario