lunes, 16 de enero de 2012

KAIKU

Kaikuk Oñatitik zoriondu ditu Gabonak


2012-01-13 00:00:00 Arritxu Barruso

Egunotan hotza eta izotza izan baditugu, duela bi urte elurtuta zeuden gure ibarreko herriak egun hauetan. Argazkizaleendako elurteak aukera aproposa izaten dira irudi ederrak eta ikusgarriak harrapatzeko.



Bada, horixe bera pentsatu zuen 2010eko urtarrilaren 9an Jose Felix Diaz de Tuestak; Oñatin bizi da eta herri inguruan bueltatxo bat ematea erabaki zuen argazki batzuk ateratzeko asmoarekin.



Bilduma polita atera zuen, eta, ohi bezala, egun hartan ateratako argazkiak Internetera, Flickerren daukan kontura, igo zituen. Horraino guztia ondo eta nobedade barik. Jose Felix Diaz de Tuestak, baina, pentsatu ere ez zuen egingo bi urteren buruan egun hartan ateratako argazkietako bat iragarki batean erabiliko zutenik.



Oñati, Kaikuren iragarkian

Aurtengo Gabonak baino apur bat lehenago sorpresa ederra hartu zuen Jose Felixek. "Zarauzko Debolex enpresatik deitu zidaten esanez nire argazki bat asko gustatu zitzaiela, eta Kaiku enpresaren iragarki baterako erabili ahal izateko baimena eskatu zidaten. Kaikuren webgunean Gabonak zoriontzeko ipini duten bideoan erabili dute argazkia".







Bada, Zarauzko produkzio-etxeari horrenbeste gustatu zitzaion argazkia da Oñatiko Jauregi baserriari ateratakoa. "Seguru nago, jende askok ikusi du Kaikuren iragarkia eta askok jakingo ez dutena da atzean agertzen den baserria egiazkoa dela eta Oñatin dagoela, gainera. Askok pentsatuko dute margolan bat dela, eta beste askok iragarkia egin dutenak bertan izan direla irudiak grabatzen. Imajinatu ere ez dute egingo argazki bat denik". Iragarkia bi argazkirekin dago eginda: batetik, Jose Felix Diaz de Tuestarena, eta bestetik, esne-marmita baten irudia. www.movimientocontralamalaleche.com webgunean ikus daiteke bideoa.



Oñatiko baserri zaharrena

Jauregi baserria Murgia auzoan dago eta Oñatiko zaharrenetarikoa dela kontatu digu Diaz de Tuestak. Gainera, garai batean Oñatiko leinu indartsuenetako dorretxea izan zen. Gaur egun bi familia bizi dira Jauregi baserrian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario