viernes, 27 de enero de 2012

KUKUTZA

Kukutzako "espirituak" hartuko du Oñati astebeteko ekintzaz jositako egitarauarekin


Otsaila kulturaren hilabetea izango da Oñatin. Astelehenean hasi eta sei egun jarraian Kukutza asteak hartuko du herria ekitaldi ugarirekin. Tailerrak, antzezlan bat, bazkaria, zine-kluba, zirko emanaldia eta kontzertuekin gozatzeko aukera egongo da. "Adin guztientzako egitaraua prestatu dugu", adierazi zuen asteazkenean Kultur zinegotzi den Manu Egañak.




"Kukutza gaztetxean egiten zituzten ekintzak eta bere espiritua Oñatira ekarriko ditugu", gaineratu zuen Egañak. Kukutzan zegoen kultura eredua kontuan hartu dute ekimen hau gauzatzeko: "Jendeak euren parte-hartzearekin sortu eta kudeatutako eredua zen; mota askotako kulturak biltzen ziren bertan, adin guztiei zuzendutako ekintzak antolatuz", azaldu zuen Egañak. Beraz, ekitaldiz jositako programa inauguratuko dute astelehenean.



Egun horretan, Kukutza gaztetxea izenburuko liburua aurkeztuko dute kultur etxean 19.00etatik aurrera. Hilaren 31n, aldiz, autokudeaketari buruz hitz egingo dute gaztetxean, 19.00etan, eta bitartean, dantza egipziarren gaineko ikastaroa eskainiko dute Errekaldeko lokaletan (izenak kultur etxean eman beharko dira). "Kukutzan ziharduten taldeak arduratuko dira tailerrak koordina-tzeaz", zehaztu zuen Egañak.



Antolakuntzagatik udal Gobernuak 3.000 euroko laguntza ematea erabaki du, "nahiz eta Kukutzako taldeek ez duten ezer eskatu". Egitaraua otsailaren 4ra arte luzatuko da. Larunbat horretan bazkari berezia (luntx erakoa) egingo dute, eta sarrerak salgai daude kultur etxean, eta Boga, Arrano eta Xagu tabernetan, hamar euroren truke.



Herrijorran Kultura ekimenaren baitan kokatuta dago Kukutza astea. Antzerki, inauteri eta musika asteek ere girotuko dute datorren hilabetea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario