2012-01-20 00:00:00 Arritxu Barruso
Joan den domekan hil zen, 89 urterekin, Francoren Informazio eta Turismo ministro izan zen Manuel Fraga Iribarne. Bada, akaso, gurean askok jakingo ez dutena da Urbiaraino ere iritsi zela Fraga. Reyes Korkostegi zen orduan Oñatiko alkatea eta Arantzazutik Urbiara igoko zen teleferikoa ipini nahi zuen.
Hori horrela, Turismo ministroa Urbiara gonbidatu zuen proiektua bertatik bertara erakutsi ahal izateko. 1967an izan zen hori, eta Arantzazu inguruan ederki asko gogoratzen dute egun hura.
"Esku zikina eman nion"
Milikuaneko Arantza Milikuak kontatu digu bere aita zenak askotan kontatzen zuela Fragaren bisitaren pasadizo xelebrea: "Aitak beti kontatzen zuen Fraga etorri zenean etxe aurrean zegoela Land Roverra konpontzen, eta Reyes Korkostegik ministroa aurkezterakoan gure aitak esan ei zion eskuak zikinak zituela. Fragak erantzun zion berak langileei beti ematen ziela eskua, eta horrela eman zioten elkarri eskua. Dena dela, gerora gure aitak beti esaten zuen: 'Nik eman nion bai eskua, baina zikina".
"Excelentísimos pastores"
Bada Fragak Urbiara egin zuen bisitak historiarako utzi zuen beste esaldi bat ere, eta Pello Zabalak eman digu haren berri: "Urbiara igo eta ermitan meza esan zuen, domekero moduan, Aita Lasak, baina, asteroko artzainez gain, gonbidatu bereziak zituen lehen ilaran. Honela hasi zuen meza Aita Lasak: 'Excelentísimo señor ministro, excelentísimos señores pastores de Urbia'. Ikustekoa izango zen gure artzainen aurpegia".
Goiko Bentako Migel Maiztegik ere ondo oroitzen du egun hura: "Donostiako eta Diputazioko agintariekin batera etorri zen eta lau Land Roverrekin igo genituen guztiak Urbiara, tartean neurea. Meza ostean, Perusaroi elkartera joan ginen eta geuk egin genituen zerbitzari lanak. Gustura egon zen; munduko txorizorik onena jaten ari zela esan zigun eta txakolina ere gustatu zitzaion. Bertan aurkeztu zioten 20 milioiko kostua zuen teleferikoaren proiektua, eta asko gustatu zitzaion. Gurekin oso jator portatu zen. Gasteizkoa eta Jurramendikoa oraindik gertatu barik zeuden eta geuk ere errespetu handixeagorekin begiratzen genion".
No hay comentarios:
Publicar un comentario