miércoles, 27 de mayo de 2015

Kirol begirale eta arte begiraletarako onartu eta baztertuen zerrendak argitaratu dira


2015/05/27
Onartuen kasuan, egiaztatutako merituen balorazio puntuazioa ere osatu eta kaleratu da
  Uda kanpainako beharrei aurre egin ahal izateko kirol begiraleak kontratatzeko deialdira 22 lagun aurkeztu ziren. Horietatik 3 prozesutik kanpo utzi dira ez dutelako zerbitzu orokorretarako beharrezkoa den formazioa edo zerbitzu espezifikoetan eskatzen zen esperientzia egiaztatu. Izan ere, landuko den kirolaren arabera, batzuk zerbitzu orokor gisa kalifikatu ziren eta beste batzuk, espezifiko moduan. Onartutako19 eskaerak, kirol espezifiko edota orokorretarako onartuak izan diren zehazten da. Ondorengo zerrenda batetan berriz, jardun bakoitzean aritzeko hautagaiak dituen meritoen puntuazioa argitaratu da. Zerrenda guztiek behin behineko izaera dute eta erreklamazioak aurkeztu edo akatsak zuzentzeko maiatzaren 30a arteko epea dago.
  Uda kanpainan izan diren eskaerei erantzun ahal izateko 16 begirale kontratatu asmo dira. Hauek, kanpaina hasi aurretik egingo den prestaketa saioan parte hartu beharko dute. Saioa, ekainaren 22an egingo da Zubikoa kiroldegian. Bertaratzea ezinezkoa duenak, aurrez jakinarazi beharko du eta horretarako jarri den epea, ekainaren 5ean amaitzen da.
  Kirol begiraleen hautaketa prozesuari dagozkion behin behineko zerrendak eta puntuazioak, udaletxeko iragarki taulan eta www.oñati.eus atarian ikusgai daude. Eta bertan ikusi daitezke baita ere, arte udalekuetan begirale aritzeko izena eman dutenen onartu eta baztertuen nahiz meritoen puntuazioaren behin behineko zerrendak.
  Arte begirale izateko 5 lagunek izena eman zuten baina bi prozesutik kanpo utzi dira ez baitute euskarari dagokion maila agiri bidez egiaztatu. Falta den dokumentazioa osatzeko, larunbatera arteko epea dute. Onartuak izan diren hiruren kasuan, agertutako merituen balorazioa egin da eta puntuazioa argitaratu da. Kasu honetan ere, akatsak zuzendu eta erreklamazioetarako, maiatzaren 30a arteko epea dago. Era berean, udalekuetako programazioa egiteko, ekainaren 29a aurretik, prestakuntza saioa egingo da begiraleekin. Bertaratzerik ez dutenei, aurrez adieraztea eskatzen zaie eta kirol monitoreen kasuan bezala, honetan ere, ezintasun hori azaltzeko azken eguna, ekainaren 5a izango da. Udalak, 2 arte begirale kontratatuko ditu.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario