Debagoiena, Debabarrena eta Urola Kostako mankomunitateko hainbat ordezkarik, tartean Oñatiko alkate Lourdes Idoiagak gogor egin dute atez ateko zabor bilketaren aurka. Orain arte ere horrela izan da, bosgarren edukiontziaren aldekoak izan dira; baina, mankomunitateko teknikariak egindako txostena eskuan dutela, arrazoiak azaldu dituzte.
Aurretik Jordi Colomerrek egindako txostena aztertzeko eta bideragarritasuna zehazteko eskatu zioten Debagoieneko Mankomunitateko zerbitzu buruari. Idoiagak azaldu du ekain bukaeran jasotako txostenaren arabera, atez ateko zabor bilketa ez litzatekeela bideragarria izango. Adibidez, langileek zaborra jasotzeko beharko luketen denboran egon daitezkeen arazoak azaldu ditu: "Ate bakoitzean uste baino 10 segundo gehiago egingo balute, %23 igoko litzateke zaborra jasotzeko denbora".
Errausketa edo zabortegiak
Idoiagak gaineratu du, orain arte esan izan dela atez ateko zabor bilketarekin errausketa amaituko litzatekeela, baina hori ez dela horrela:"Atez ateko sistemak ere errausketa planta edo zabortegiaren beharra dauka".
Bikoiztu egingo litzateke gastua
Txosten berriak dio atez-ateko sistemarekin bikoiztu egingo litzatekeela zabor bilketaren gastua. "Kopuru zehatzik ez du aipatzen teknikariak, baina ingurumen batzordean aipatu zuen, erreferentzia moduan, bi milioi pasa kostatzen dena bost milioi kostako dela", dio Idoiagak.
Bosgarren edukiontziaren aldekoak
Hortaz, Idoiagak bosgarren edukiontziaren aldeko apustuarekin jarraituko dutela azaldu du. Dio, gaur egun, Gipuzkoan %39 birziklatzen dela, Europako tasarik altuenetarikoa
Arantzazu Ezkibel.
GOIENA
No hay comentarios:
Publicar un comentario