jueves, 29 de diciembre de 2011

Urtarrilaren 7an Oñati hustu behar dugu Bilboko kaleak betetzeko

Azken hilabeteotan hainbatetan adierazi dugun moduan, Ezker
Abertzalearen iritziz normalizazio politiko eta demokratiko
prozesuan aurrera egiteko lehentasun osokoa da Euskal preso
politikoek pairatzen duten egoerari bere osotasunean eustea.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboari ezartzen zaion espetxe
politika behin betiko etetea izan behar du Ezker
Abertzalearen iritziz lehen urrats bat, nahiz eta urrats ez
nahikoa izan. Presoei jazartzen zaien espetxe politika bere
baitan mantentzea soilik aurreko konfrontazio egoera
mantendu nahi denaren prismatik uler daiteke. Euskal
jendartearen gehiengoak behin betiko gainditu nahi duen
gatazka egoera bat hain zuzen ere.

PSOEren aurreko gobernuaren utzikeri eta arduragabekeria
nabarmentzekoak direla deritzogu. Gobernu horren maila
politiko eskasa uzten dute agerian azken urteotan eta
bereziki azken hilabeteotan erakutsiriko immobilismoak.
Gobernu horrek, baldintzarik hoberenetan, uko egin dio
Euskal Herrian bake justu eta iraunkor baten eraikuntzan
eragile eraginkor izateari. Autonomi erkidegoko
lehendakariak bere alderdiko Rodriguez Zapateroren
gobernuari exijitzeko gai izan ez zen Eneako maizterraz hori
baino gehiago espero dugu, euskal iritzi publikoaren aurrean
PPtik aldendurik agertzeko adierazpen soilak baino gehiago
espero ditugu. Bere bide-orria oinarri, euskal preso
politikoen eskubideen oinarrizko eskubideen errespeturantz
urratsak ematea espero dugu.

Egungo egoeran, gatazka politikoaren behin betiko
konponbiderantz urratsak ematea ahalbidetzen duten jardun
armatua behin betiko eteteko ETAren erabakiarekin,
aipaturiko bi gobernuak zein Nafarroako Foru Erkidegoko
gobernuak, lanari ekin behar diote lehen bait lehen, euskal
jendartearen gehiengo zabalak zein Euskal Herriko gehiengo
politiko, sindikal eta sozialak eskaturiko neurriak hartuz.

Ez da Ezker Abertzalea soilik, Euskal Herriko gehiengo
politiko, sindikal eta soziala da zigorra beterik duten
presoen zein larriki gaixorik daudenenen askatasuna
exijitzen duena. Era berean, Euskal Preso Politikoen
Kolektibo osoa Euskal Herriko espetxeetara berehala aldatuak
izatea exijitzen dugu, arrazoi humanitarioak medio. Euren
legea da eta preso dagoen pertsona ororen eskubidea da.
Alderdi Popularraren gobernuari exijitzen diogu euskal preso
politikoen senide eta lagunei ezartzen zaien dispertsioaren
erruleta errusiarra minutu bat bera ere ez luzatzeko.

Baina presoen Euskal Herriratzea arrazoi politikoak medio
ere aldarrikatzen du euskal jendarteak. Izan ere, presoak
gatazka politikoaren ondorio dira, eta era berean,
konponbide prozesuan parte hartzea ezinbesteko da. Aurreko
irailean EPPK-k Gernikako Akordioa izenpetu zuenean inork
ere ez zuen zalantzan jarri urratsaren garrantzia. Inork ez
zion ukatu kolektiboari eragile politiko izaera.

Orain ere ezin zaio ukatu eta ondorioz, guztientzako justua
izango den bakearen eraikuntzan oinarrizko baldintzak
ahalbidetu behar zaizkio. Espetxeetako egoera errotik
aldatzea normalizazio politiko eta demokratikoan aurrera
egitea ahalbidetuko luke, elkarrizketa politiko
erresolutiboari ekitekoa beharrezkoa den giroa sortzen
laguntzeko ezinbestekoa.

Izan ere, Ezker Abertzalearen iritziz gatazka politikoaren
aterabideari bere dimentsio osotik heldu behar zaio,
arrazoietatik ondorioetara. Eta are garrantzitsuagoa dena,
gure iritziz gaur egun gatazka politiko historikoaren
konponbiderako baldintza nahikoak daude.

Beraz, gure iritziz badira baldintza nahikoak, hala nola
borroka armatuaren amaiera, bakeranzko aurrerapausoak
emateko euskal jendartearen exijentzia edota konponbide
prozesuan nazioarteko komunitatearen jarraipen eta
inplikazioa, Estatu espainiar eta ere gatazka politikoaren
ondorioetara mugatuak liratekeenak, tartean, noski, euskal
preso politikoen etxeratzeari dagozkion elkarrizketak.

Borroka armaturik gabeko egoera bizi dugu eta ETAk argi
adierazi du desarmerako eta konfrontazio armatuaren
zikloaren amaiera definitiborako borondatea. Gure aburuz,
PPk aukera historikoa du konfrontazio armatuaren zikloaren
behin betiko amaierari erantzunkizunez aurre egiteko, ezin
du aukera hau galdu.

Gure ustetan hau da euskal jendartearen gehiengoaren nahia:
biolentziazko konfrontazioaren gainditze definitiboa, eta
baita bere ondorio guztiena ere, preso eta errefuxiatuen
etxeratzea, gure herriaren desmilitarizazioa eta ETA
antolakundearen desarmea.

Ezker Abertzaleak erabateko ziurtasuna du datorren
urtarrilaren 7an, gatazka politikoaren konponbide integrala
nahi duen gehiengo sozial hori, euskal preso politikoen
askatasuna nahi duen gehiengo hori Bilboko kaleak beteko
dituela. Euskal Herria osoa hustuko dugu Bilbo betetzeko.
Bilboko kaleak betetzera goaz espetxe guztiak husteko.
Euskal jendartearen mobilizazio eta aktibazioa dira, Madrid
eta Parisen borondatearen gainetik, gure herria bake,
askatasun eta demokrazia agertoki bateranzko bidea egiteko
gakoa.

Datorren urtarrilaren 7ko mobilizazioa beraz, huts egin
ezineko hitzordua da, egungo espetxe politikarekin amaitzeaz
gain, gatazka politiko historikoaren behin betiko
aterabiderako parez pare daukagun aukera historikoa
probestuz behin betiko bake justua eraiki nahi dugun
guztiontzako.

Oñatitik Bilborako autobusa aterako da 15:30etan
abenidatik. Autobuserako izen ematea Antton, Arrano eta
Oñati tabernetan eman daiteke.

KOLOSALA IZANGO DA!!!

Oñatiko Ezker Abertzalea

No hay comentarios:

Publicar un comentario