jueves, 28 de enero de 2010

Gosaria


Ez da gauza bera ez gosaltzea gogorik ez duzulako, edo jateko ezertxo ere ez duzulako ez gosaltzea. Raimundo Amador goserik gabe esnatzen da. Edwing goseak jota esnatzen da goseak jota lokartzen delako. Santo Domingon ezagutu nuen Edwing. Kalean bizi zen bere etxean ez zutelako nahi. Hori esaten zuen berak, aita hil zitzaionetik ama beste gizon batekin bizi zela eta gizon hark ez zuela maite. Jipoitu egiten zuela. Eta ama beldur zela semea defendatuz gero senarrik gabe geratuko ote zen bigarrengoz. Eta Dominikar Errepublikan senarrik ez duen emakumea ez da deus. Horregatik egin zuen etxetik ihes, nahiago zituelako bizi-tzaren jipoiak jaso gizon arrotzaren eskuak emandakoak baino.
Egunotan milaka irudi datozkigu Haititik. Lurrikarak eragindako kalteak bereziki umeek nozitzen dituzte. Milaka haur noraezean. Familiarik gabe. Galduta. Gupidagaberen batek bahitu eta salduko dituen arriskuan. Lurra dardarka hasi aurretik amaren babesa gutxienez bazuten ume horiek. Lurraren sustraiak errotik puskatu diren unean apurtu dira familiarteko kateak. Eta geratzen zaien bakarra plater huts bat beteko duen ezezagunaren eskuzabaltasuna da.
Edwingek gorroto zuen Dominikar Errepublika irla bat delako, eta ezinezkoa delako inora alde egitea. Nora? Haitira? Esaten zuen, hura askoz okerrago zegoela jakinik.
Gorantz begiratzen zuen, zerurantz, eta egunen batean hegazkin batean alde egitearekin egiten zuen amets. Bizitzak dardararik egiten ez duen leku batera. Gosaltzea «gogoaren araberako erabakia» den lekuren batera.

27.01.10
JASONE OSORO

No hay comentarios:

Publicar un comentario