GARA
Sarritan, oherakoan, nire buruan ditudan gauza, helburu eta kezkei buelta pare bat ematen diet. Batzuetan, pare bat beharrean dozenaka bihurtzen dira, eta lo egin ezinda ere ibiltzen naiz. Baina behin lokartuta, goxo-goxo ametsen munduan sartzen naiz, eta, neure barru-barruan ditudan ilusioekin ametsetan, laino gainean hegan bazela ibiltzen naiz.
Beste batzuetan, berriz, lo nagoela beharrean, esna, neure bakardadean, entrenamenduetan gehienetan, ematen diet forma neure ilusioei.
Eta Tour aurreko entrenamendu luze horietan, taldekako erlojupekoa irabazi eta apirilean galdu nuen lagun min bati neure omenalditxoa egitea amesten nuen. Zenbat eta buelta gehiago eman, orduan eta egoskorrago jartzen nintzen, eta, hala, helburu nagusienetariko bat, gaurko egunean nuen jarrita.
Ezin dut ukatu, triste, atsekabetuta eta apur bat lur jota nagoela. Batzuei gehiegi irudituko zaie, ala harrokeria puntua, baina nola edo hala erlojupekoa irabazi nahi nuen.
Hala ere, jakin badakit, ametsak, beti betetzen ez diren arren, noizbehinka egia bihurtzen direla. Horretxegatik, neure kaskezur zahar honetan ditudan beste helburuei eutsiko diet, eta borrokan jarraituko dut.
Sentitzen dut Iban, hurrengoan izan beharko du, baina jakin ezazu neure ametsetan milaka aldiz omendu zaitudala garaipen batekin, eta, noizbait, ez dakit noiz, iritsiko dela.
Bien bitartean, eskerrak eman nahi dizkizuet zuen babesa eskaini didazuen guztiei. Mila esker, biba zuek!
No hay comentarios:
Publicar un comentario