viernes, 22 de julio de 2011

Olabarrietako elkarteak 25 urte





2011-07-22 08:00:00 Mireia Bikuña
Felix Lezetak, Juan Jose Oruetak, Santi Legarrek eta Nikolas Igartuak egindako ahaleginari esker dute elkartea Olabarrieta auzoan. 1986ko uztailaren 25ean elkartea inauguratu zuten. Ordutik hona, hamaika bizipen eta istorio izan dituzte auzoan. Horiek guztiak elkarri kontatzeko asmoz, 25. urteurrena ospatuko dute bihar, zapatua.

61 bazkide ditu Olabarrietako elkarteak: bazkideetako batzuk auzoan bizi dira eta beste asko kalean. Hasierako estatutuek zioten auzoan bizi izatea ezinbestekoa zela bazkide egiteko. Bada, orain dela bi urte baldintza aldatu egin zuten. "Auzoan gazte gutxi geratzen dira, eta erabaki genuen bigarren belaunaldikoei bazkide egiteko aukera ematea. Eurak dira gehien kontsumitzen dutenak, eta beharrezkoak elkarteak aurrera egiteko. Emakume bazkideak ere baditugu", esan digu Juan Jose Oruetak.

Bilerak auzotarrekin

Auzotarrekin hainbat bilera egin ostean erabaki zuten elkartea egitea. "Auzoan genuen eraikinarekin zer egin erabakitzeko bildu ginen, eta eztabaida piztu zen: batzuek elkartea gura zuten eta beste batzuek ez. Bigarren bilerara orduko alkate Eli Galdos gonbidatu genuen, bitartekari lanak egiteko. Baina eztabaida indartu egin zen. Hirugarren bileran bost lagun elkartu ginen, eta aurrera egitea erabaki genuen. Auzotarrekin banan-banan egin genuen berba. Gure ametsa bete genuen", esan digu Nikolas Igartuak, sortzaileetako batek.

Eskola izatetik, elkarte izatera

Elkartea egun dagoen eraikinean eskola egon zen. Egun elkarteak duen egitura bera mantentzen du: sarrera leku berean eta bi solairu. Orduko arauak aintzat hartuta neskak eta mutilak gela banatan banatzen zituzten: mutilak ezkerrekoan eta neskak eskuinekoan. Eta irakasleak bigarren solairuan: maisuak ezkerrean eta andereñoak eskuinean. Alde bietan banatzeko ohitura oraindik mantentzen dute auzoko elizako ospakizunetan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario