jueves, 21 de julio de 2011

RUPER ORDORIKA





«Kantuek New Yorkera etortzea eskatzen didate»
Ruper Ordorikak bere hurrengo diskoa grabatu du New Yorken uztail hasieran. BERRIA kantariarekin bildu da han, eta hiriaz, hango musika eszenaz, hango musikariez, musikaz beraz eta distantziak ematen duen perspektibaz hitz egin du harekin.
IGOR SUSAETA NEW YORK

Ruper Ordorika, Brooklyn auzoko estudioan, disko berria grabatzen. / ANDY TOMMASI


New Yorken ez da desagertu «jendeak jatorriarekiko sentitzen duen beharra», Ordorikaren iritziz. / IGOR SUSAETA
Posta elektronikoa ireki, eta mezu bat: «Zelan bizimodu hori? Pentsatzen dut oraindik New Yorken zabiltzala. Begira, uztail hasieran hor ibiliko naiz grabaketa bat burutzeko asmoz. Ea harremanetan jartzen garen». Sorpresa galanta. Ruper Ordorika da (Oñati, 1956). Iritsi ziren uztaileko aurreneko bi asteak, eta gorpuztu zen enkontrua. Brooklynen, Greenpointen, jada immigrante poloniarrena soilik ez den auzoan. Han grabatu ditu hurrengo diskoko kantak, Calyer kaleko estudio batean; Euskal Etxetik bi pausotara dagoena, hain zuzen. BERRIA une horien lekuko bakanetakoa izan da, bakana ez esatearren.

Hala ere, lan bat grabatzeko espazio fisikoa baino askoz ere gehiago da New York Ordorikarentzat. Orain 20 urte inguru, aurrenekoz etorri zenean, sentsazioa zeukan musikalki «haratago» jo zezakeela hemengo osagarriak barneratuz. Urteen poderioz hala izan dela baieztatzeko moduan dago. «Ohore handia da hemengo inprobisazio eszenako musikari bikainekin jotzea. Pribilegiatua sentitzen naiz. Beste mundu batera eramaten naute haiekin konpartitzen ditudan sentsazio eta uneek, jakintsuagoa egin, eta musika gehiago bizitzeko bidea irekitzen didate». Gainera, musikari gisa, hona etortzea, bere «eginkizunetako bat» dela iritzi dio. Zeregin «nagusia», ordea, Euskal Herrian daukana, Mugalariekin. «Harreman oso berezia daukagu, eta oso ondo pasatzen dugu elkarrekin jotzen. Nabaritzen da zuzenekoetan». Ordorikak jendearen aurreko emanaldiak eta estudioko lanak bereizten ditu. Solasak, baina, beste hari batzuei tira egingo die, beste bide batzuk hartuko ditu. India kaleko moilan ekin diogu, skyline-arekin, eta Franklineko terraza batean jarraitu dugu. Zeruak laranja, urdina eta zuria nahasten dituen soinekoa jantzi du ilunabarrean, eta oñatiarra, goxoki, hiriaz, hark transmititzen dionaz, hemengo musika eszenaz, musikaz beraz eta distantziak ematen duen perspektibaz hitz egiten hasi da.

Berak «eginkizuna» deritzon horretaz, adibidez. «Ez dakit zehazki zergatik grabatzen dudan hemen. Ezin dut zehatz azaldu. Baina uste dut nire eginkizunen barnean dagoela. Orain dela urte asko etorri nintzen hona aurrenekoz, eta geroztik harreman estua eduki dut musikari eta lagunekin». Halere, ez zaio hain harrigarria iruditzen New Yorken grabatzea, eta arrazoitu du zergatik: «Aldiro, aireportuetan eta, nire bailarako norbait topatzen dut. Hari galdetu nora doan, eta Liverpoolera, adibidez. Zertara? Ikastaro batera. Zer ikasiko duzue? Eta erantzuten dizu ezetz, berak emango duela ikastaroa. Hortaz, beste arlo batzuetan normala bada euskaldunak han eta hemen ibiltzea, musikan zergatik ez?». Ordorika, gainera, txundituta geratu zen hiriarekin hasiera-hasieratik. «Nire kantek hona etortzea eskatzen didate». Jada «bospasei» disko grabatu ditu New Yorkeko inprobisazio eszenako musikariekin.

Badaki, ordea, bere zeregin «nagusia» Euskal Herrian egiten duena dela. «Nire esparrua da, nire kantak ulertzen dituztenena. Hala bizi dut. Diskoak, berriz, beste mundu bat dira. Beti eduki dut gogoa haratago joateko, ezagutzen ez nautenekin aritzeko». Aberasgarria ere izan litekeela pentsatzen du. «Beste bizipen bat sartzen dut nire esperientziaren zakuan, eta esango nuke bizipen horiek eragina dutela diskoetan». Gainera, ez du arriskatzeko beldurrik edukitzen, arriskatu egiten dela sentitu arren: «Oso musikazalea izan naiz beti, eta uste dut badakidala nire kantek zer behar duten».

Ibilian konturatu da horretaz Ordorika, eta New Yorken ikusitakoak eragin handia eduki du. «Zeharo harrituta geratu nintzen hemen topatu nuen musika munduarekin. Klubak, musikarien maila… Horietako batzuekin jotzeko abagunea, ohorea, izan dut». Hona biltzen dira inprobisatzaile abilenak. «Hemen badago gune bat haratago jo nahi duenarentzat. Arriskatzen baldin bazara ere, onartua izan zaitezke». Hala ere, lehen aldiz etorri zenetik zenbait aldaketa nabaritu ditu hiriaren musika eszenan. «Nahi ez nituzkeen gauza gehiago ikusten ditut orain. Nire ustez, AEBetako kantugileen mundua ez da elikatzen. Borobil itxi batean bezala daude». Inprobisatzaileen arten, aldiz, bada belaunaldi gazte bat, «izugarrizko musikariak direnak». Hip hopak daukan indarra ere nabarmendu du. «Aditu batzuek, kritikari oso-oso zaildu eta fidagarriek, urteroko hamar kanta onenen zerrendak egiten dituzte, eta gehienak hip hop abestiak dira. Beraz, herri musikan bada mundu handi bat ez dena ez Euskal Herrian ez Europan agertzen, gehien garatzen ari dena den arren».

Disko dendak, desagerturik

Eta Euskal Herrian, Europan eta AEBetan ere «diskogintza suntsituta dago». Ordorika joaten da kontzertuetara —«tabernetakoetara, besteetarako sarrerak tarte handiarekin erosi behar baitira»—, eta jendea biltzen dela dio. Negozioak, baina, ezin aurrera egin. «Orain 15 urte hamarnaka disko denda zeuden hemen, esajeratu gabe. Saint Marks kalea, East Villagen, gogoratzen dut dena disko dendak zirela. Hori desagertu egin da, eta hemengo musikariek pairatu egin dute. Haiek ere arazo handiak dituzte duintasunez lan egiteko». Musikari apartak izan arren. «Begira, lehengoan, telebistan talde baten zuzenekoa ikusi nuen. Hori maila zutena! Hemen musika oso potentea da. Tira, hemen, eta nik Amerikan ezagutu ditudan tokietan: Kuban, Argentinan… Kennyk [Wollesen, azken diskoetako bateria jotzailea] gauza bera esaten dit Brasili buruz». Ordorikaren esanetan, musikak badu Amerikan beste berritasun bat, beste indar bat. «Europan askoz ere apalagoa da alor askotan. Hemen pasioa da, jarrera. Hil ala bizikoa beti. Ez dago berriketarik, no bullshit, beraiek esaten duten moduan. Jo. Baina jo!».

New Yorken ezagutu dituen musikariengandik asko ikasi duela dio. «Disko baten grabaketan sartzen dira, eta jotzen dute hurrengo egunean hilko direla jakingo balute bezala». Bat-batean, pareko tabernara eraman ditu hatz erakuslea eta begirada: «Pentsa bolo bat dutela hor, Lulu's-en. Sosik ez dagoela, borondatea kobratuko dutela. Berdin zaie: bete-betean, izugarri joko dute. Horrek asko balio du». Euskal Herrian jarrera nolakoa den galdetzea behar-beharrezkoa da, hortaz: «Egongo da hala aritzen den jendea, baina jarrera zuzenagoa, korrektoagoa izaten da normalean. Gainera, ezin da konparatu. Hitz egiten ari gara mundu mailako ekitaldietan jotzen duten musikariez. Hurrengo egunean, aldiz, hor ikusiko duzu Kenny Lower East Sideko zulo ilun batean jotzen. Beraien jarrera erabateko eskola da niretzat».

Eskola horren irakasgaien atzetik etorri zen aspaldi aurrenekoz New Yorkera. «Nik asko jarraitu dut inprobisazio mundua. Gauza bitxia da, kantua horren antipodetan baitago neurri batean. Kantak neurria maite du». Saiatu zen, ordea, «jotzeko modu libre» hori, beste hizkuntza hori, inprobisazioarena, bere abestietara eramaten. «So' ik so' diskoarekin (Nuevos Medios, 1995) hasi ginen, eta ez dakit lortu ote dudan. Baina uste dut zerbait ikasi dudala. Halere, pauso bat ematen dudan bakoitzean beste hamar geratzen zaizkit emateko. Hori bai, niri buruan entzuten ditudan gauzak hobeto gauzatzen ditudala iruditzen zait».

Kamioi erraldoi batek ateratako zarata gehiegizkoa entzun da segidan, Franklin kalea utzi eta Greenpoint etorbiderantz biratu duenean. Gure ondo-ondotik pasatu da. «Joder!», Ordorikak, barrez. Une ederra hiriaz bi hitz egiteko. «Espekulazioaren eraginak nabarmenak dira hemen. Ikusi ahal duzu auzorik auzo nola egiten dituzten etxe sailak, eta horrek nola behartzen dituen auzokideak tokiz aldatzera. Eta hiria horren arabera mugitzen da». Batzuetan gogaitu egiten du horrek. «Ikusten dudalako mundu ergel hori, itxurarena edo, baina badakit sormen handia dagoela, indarra, irudi horren azpian». Eta indarraz, hitz eginda, «indar zentrifugatzailea» hiri honek duena. «Hobe, hortaz, helburu jakin batekin etortzea». Toki nahiko atsegina dela diote… «Ez, ez. Hau bizileku oso gogorra da. Gu Euskal Herrian ederto bizi gara. Iparragirrek esan bezala, halakorik ez dago munduan. Eta hala da, ez gaitezen engaina».

Hariaren beste mutur bati tira egin, eta hasi da hiriaren soziologia deskribatzen. «Kanpotik homogeneoa dirudi, baina hona etorri eta gauza oso-oso deigarriak ikusten dituzu. Hemen, Greenpointen, adibidez, bi eliza kristau dituzu. Kanpaiak aditzen dituzu, eta igande goizetan andre-gizonak mezatara joaten dira. 10 minutu ibilita, berriz, Puerto Ricon zaude». Ez daki horrek nolako eragina duen pertsonengan, baina gogoeta egin du: «Hemen ez da desagertu jendeak jatorriarekiko sentitzen duen beharra. Amerikanizatu dira, baina neurri batean». Horren adierazle garbia gu gauden kaleko kioskoetan saltzen dituzten egunkari poloniarrak. Arraza borroka ere, «bi norabideetan ematen dena», deigarria zaio: «Baina hori dena radarraren azpitik mugitzen da, eta lanak izaten ditugu identifikatzeko».

Rolak elikatuz

Eta horretaz ari dela, bat-batean, aitorpenetik baino gehiago gogoetatik duena: «Hemen nengoela garbi ikusi nuen Hiru Truku izan zena. Kanta zaharrekin disko bat grabatzea hemen erabaki nuen. Nork bere burua urrutitik ikustean, informazio zehatza jasotzen da». Rolak hizpide hurrena. «Zauden tokian zaudela, kasu honetan Euskal Herrian, bakoitzari bere papera ematen zaio, eta hori onartu. Hori elikatuz pasatzen dugu bizitza osoa, eta ez dugu beste ezeren beharrik sentitzen. Kanpoan egonda, aldiz, ikusten duzu zein izan daitekeen zure ekarpena. Izan ere, han, etxean, oso babestuak bizi gara».

Euskal Herria, eta estatubatuarrek gauza exotikoekiko sentitzen duten lilura lotzen dituen pasadizoa kontatu du Ordorikak hurrena. «Daniel Kalparsoro zinema zuzendariarekin bizi izan nintzen hemen garai batean. Bideo bat grabatu genuen Williamsburgen, eta, badakizu, gure betiko gaiez hizketan hasi ginen. Euskaraz abesten dudala, entzuleria mugatua dugula... Kamerari madrildarra zen, oso gizon jatorra, New Yorken urte asko zeramatzana. Esan zidan hemen ezberdina zela, horrek zuela balioa, hain zuzen». Nongoak garen, nola egiten ditugun gauzak… Alboan dauzkagun neskak ere galdera mordoa egiten ari dira elkarri mintzaira eta keinuak esajeratu, baina ez dut uste gutaz ari direnik, gure hizkuntza erabat arrotza zaien arren.

Arrotzak, hain zuzen, AEBak egiten zitzaizkion garai batean Ordorikari. «Bai, bai, belaunaldiz anti yankia naiz, hemengo musika, literatura eta zinema beti maitatu ditudan arren. Ez nuen etortzeko asmorik, baina behin etorrita flipatu egin nuen hemengo energiarekin». Ideia bat baduzu, horretan itsu-itsuan sinesten baduzu, New York hori gauzatzeko toki ideala dela esaten da. «Eta ez da topiko bat, niri gertatu baitzait. Nork esango zidan niri Fernando Saunders, Ben Monder edo Bill Frisell bezalako musikariekin joko nuenik…»

Intuizioari jarraituta jo zuen harantz, eta egun intuizioz lan egiten du. «Hori lantzen dut, eta gero ofizioa, ezaguera, erantsi. Garai batean, aldiz, kontzeptu edo originaltasun baten bila aritzen nintzen». Grabagailu bat, koaderno bat eraman nahiko lituzke beti aldean. «Baina pertsona desordenatu baten aurrean zaude. Beraz, ideia asko joan izan zaizkit ahanzturaren zulotik!», esan du, eta barrez lehertu. «Halakoa da musika, ordea… Zorionez!». Eta musikariek behar dituzte haien momentuak lanerako. «Nik gitarrarekin jarri beharra daukat, isiltasunean. Badira, bira baten erdian, hoteletan-eta kantak sortzen dituztenak. Ni ez naiz kapaza. Bi alorrak bereizten ditut: zuzenekoak eta kantak egitea».

Kantak, kantak, kantak… Ahotan darabil une oro Ordorikak, eta hark esanda hitzak beste sonoridade bat duela dirudi. Hainbestetan esaten duenez, azal dezala zer iradokitzen dion, zer den. «Genero xumeena da, baina milaka, milaka eta milaka aldaera onartzen dituena bere egitura primitiboan». To! Kanta horiek hala exijituta berriro jo du New Yorkera, eta pribilegiatua sentitu da atzera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario