David Garcia durangarra izan da Torreauzoko herri krosean azkarrena
2011-07-04 12:32:07 Eneko Azkarate
David Garcia durangarra izan zen domeka goizean Torreauzoko herri krosak dituen 7,5 kilometroak egiten azkarrena. Azken 13 urteetan bezala, Antxintxiketan kirol elkarteak Oñatiko Torreauzoko jaien barruan lasterketa antolatu du.
IKUSI ARGAZKI GALERIA
Beste urte batzuetan ez bezala, eguraldiak ere lagundu zuen.Nahiz eta lasterketa hasi baino lehenago euri pixka bat egin, ez zen beste urteetako berorik izan eta lasterkariek hori eskertu zuten. Irteeran bildu ziren 130 korrikalariak tiroa entzun bezain laster hasi ziren korrika. Hasieratik erritmo bizian hasi zen lasterketa eta lehenengo kilometrorako talde ezberdinetan banatu zen lasterketa.
Denbora ona egin nahi zuten korrikalariak aurrean jarri ziren, eta lasterketaz gozatzera joan ziren korrikalariak antzean geratu ziren. Korrikalariak malda gora Olateraino joan ziren eta bertan, buelta eman eta berriz ere irteera puntura abiatu ziren. Puntu horretan apurtu zen lasterketa: lasterkari batzuk maldan behera eraso egin zuten eta lasterketako lehenengo hiruak besteekiko distantzia handia lortu zuten.
Baina hiruetako batek ezin izan zion erritmo gogor horri eutsi eta Ruben Lanz legazpiarra eta David Garcia bakarrik geratu ziren. Metarako 500 metro falta zirela, Garciak eraso egin zuen eta bakarrik iritsi zen Torreauzora. Emakumezkoetan, berriz, Estela Biain oñatiarra izan zen azkarrena.
Biain aurrealdean zegoen talde batean sartu zen eta gertu beste emakumerik ez zegoela ikusita, inork estutu gabe iritsi zen helmugara. Oñatiar azkarrena, berriz, Sergio Garcia izan zen. Garcia beste oñatiar batekin iritsi zen metaraino baina azkenengo momentuan honek estutu eta herriko lasterkari azkarrena izatea lortu zuen.
Gehienek jaso zuten saria
Torreauzoko krosa herri lasterketa bat da eta horregatik Antxintxika taldekoek parte hartzaile guztiak saritu nahi izan zituzten. Horregatik sari banaketaren bukaeran, parte hartzaile guztien dortsalak kaxa batean sartu eta lasterketako babesleek emandako materialarekin osatutako 40 sorta banatu zituzten.
Bukaeran, antolatzaileak pozik agertu ziren lasterketak korrikalari eta ikusleen aldetik izan zuen erantzunarekin.
lunes, 4 de julio de 2011
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario